EAEko COVID-19aren Jarraipen Batzordea gaur bildu da
COVID-19aren Jarraipen Batzordea, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, bilduta dago goizeko bederatzietatik EAEn koronabirusaren bilakaera aztertzeko; izan ere, azken asteetan kutsatzeen kopuruak gora egin du. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak larrialdi sanitarioa ezarri eta, abuztuaren 19ko aginduz, haren hedapena geldiarazteko neurri murriztaileak areagotu ditu.
Joan den ostiralean, Nekane Murga Osasun sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoa izurritearen "bigarren olatuan" zegoela baieztatu zuen, hasi zenetik erregistratu diren kasuen gehieneko kopurua jakinarazi zuenean, 700 baino gehiago. Gainera, larunbatean Bizkaiko egoitzetan izan ziren pandemiaren bigarren olatuaren lehen bi heriotzak. EAEko ospitaleak prestatzen ari dira dagoeneko ohe gehiago hartzeko, bai gela arruntetan, bai ZIUn.
Egoera horretan, COVID-19aren Jarraipen Batzordearen beste bilera bat izaten ari da Lehendaritzan egungo panorama aztertzeko. Urkullu da bilerako burua, eta Osasun, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura eta Segurtasun sailburuak, Nekane Murga, Arantxa Tapia eta Estefania Beltran de Heredia, ditu lagun, hurrenez hurren. Murga arduratuko da bileran jorratutako gaien berri emateaz, eitb.eus-en zuzenean eskainiko den agerraldi publiko batean.
Hain zuzen ere, astelehen honetarako, Gizarte Zerbitzuen Lehendakariordetzak zaharren egoitzetako lantaldea deitu du, autonomia erkidegoek zentro horietako COVID-19 agerraldien egoeraren berri eman dezaten, baita zer premia edo zailtasun dituzten ere.
Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako ordezkariak ere deitu ditu, ikasgeletara itzultzeko zalantzak argitzeko. Astearte honetan, abuztuaren 25ean, Hezkuntza sailburuordeak Alejandro Tiana Estatuko Hezkuntza idazkariarekin bilduko dira, eta ostegunean, hilak 27, Osasun, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako eta Lurralde Politikako ministroekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak