Birusari eusteko ezohiko neurriak Fustiñanan ere
Fustiñanan COVID-19ari eusteko ezohiko neurriak ezartzea erabaki du Nafarroako Osasun Departamentuak. Neurriak gauerdian sartuko dira indarrean, eta 15 eguneko iraupena izango dute.
Ordutegi, aforo eta taldeen pertsona kopurua mugatzeko neurriak aplikatuko dituzte, baina ez dute mugikortasuna murriztuko, Alesbes, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu, Castejon eta Cintruenigon atzo erabaki bezala.
Azken 14 egunetan kasu ugari zenbatu dituzte udalerri horietan, batezbestekoa aise gaindituz. Horregatik, neurri murriztaileak areagotzea beharrezkoa zen, Nafarroako Gobernuaren arabera, osasun publikoa babesteko eta kurba leuntzeko.
Azken finean, bizitza ekonomiko eta sozialari kalte larria egin diezaioketen neurri zorrotzagoak saihestea dute helburu.
Esparru publikoan zein pribatuan (ostalaritza, saltokiak, kirola, kultura etab) aforoak eta taldeen pertsona kopurua mugatzen dituzte neurriek Erriberako zazpi udalerritan. Printzipioz, neurriak urriaren 9tik 24ra egongo dira indarrean, beti pandemiaren bilakaeraren menpe.
Erriberako zazpi udalerritan hartutako neurriek, besteak beste, esparru pribatuan 6 pertsona baino gehiago biltzea debekatzen dute, dagoeneko indarrean Nafarroa osoan, baina esparru publikoan soilik.
Sektoreka, tabernek % 50eko aforoa izango dute barruan eta terrazetan, eta 6 pertsona baino gutxiagoko mahaiak bakarrik zerbitzatu ahal izango dituzte, 00:00etan itxiz, baita jatetxeek ere.
Ordutegien inguruko azken arau hori Funesen eta Faltzesen ere aplikatuko dute.
Era berean, aforo muga saltokiei eta azokei ezarriko diete, baita beste murrizketa batzuk ere ekitaldi sozialetan.
Bestalde, kirol eta kultura instalazioak eta parke publikoak itxiko dituzte. Ezkontza, bataio zein beste ospakizunetan 18 pertsona baino gehiago ez dira batuko barruan, eta 36 kanpoan. Horregatik, ospakizun horiek intimitatean eta familiartean egiteko gomendioa eman du Osasun Departamentuak.
Bestalde, Osasun Departamentuak, San Adriango Udalarekin elkarlanean, ezohiko neurriak urriaren 16ra arte luzatzea erabaki du, bilakaera epidemiologikoa ikusita.
Kasu horretan, ordutegiak, aforoak eta pertsonen kopuruak murriztu dituzte esparru pribatu zein publikoan (ostalaritza, saltokiak, kirola, kultura etab), baita joan-etorriei mugak ezarri ere herriko irteeratan eta sarreratan. Zentzu horretan, herritarrek ezinbesteko joan-etorriak egiteko baimena eman dute soilik.
Azkoien egoera berdinean dago.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Pertsona bat atxilotu dute Ceuta Ya!-ko diputatuaren autoaren aurkako erasoagatik