Koronabirusak ez du isildu indarkeria matxistaren aurkako aldarria
Urtero bezala, azaroaren 25ean ospatu da Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Aurtengoa, ostera, ezberdina izan da, koronabirusak baldintzatutakoa. Pandemiak arreta mediatiko ia dena bereganatzen duen garai honetan, ordea, indarkeria matxistaren olatuak ere gora egiten jarraitzen du. Urtea hasi denetik hiru emakume hil dituzte Euskal Herrian.
Datu batzuk mahai gainean jartze aldera, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 4.781 emakumek jasotzen dute Ertzaintzaren babesa, iaz baino 122 gehiago dira (4.659, 2019an). Aldi berean, 2020an, gaur arte, 2269 dei jaso ditu indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefonoak (900 840 111), beste horrenbeste emakume biktimei dagozkienak. Konfinamendu-aldia dela eta -martxoaren 15etik ekainaren 21era bitartean-, guztira 798 dei jaso ziren.
Mobilizazioak
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, kaleak morez jantzi dira berriro indarkeria matxista salatzeko eta erakundeei, eta herritarrei orokorrean, emakumeen aurkako indarkeria amaitzeko pausoak eman ditzaten eskatzeko.
Milaka pertsonak parte hartu dute herri eta hirietan deitutako manifestazioetan. Egungo egoerara egokitutako ekitaldiak izan dira, segurtasun distantziak zainduz.
Aldarrikapenen artean, konfinamenduak eta mugimendua mugatzen duten neurriek etxe barruko indarkeria matxista kasuak areagotu dituztela aipatu dute.
Astelehenero Bilbon elkartzen diren Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek ere bat egin dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin, eta manifestuaren aldarrikapenak bere egin dituzte.
BIDEOA | Donostiako manifestazioa
BIDEOA | Gasteizko manifestazioa
BIDEOA | Bilboko manifestazioa
BIDEOA | Iruñeko manifestazioa
Erakundeen kanpainak
Aurten, Emakundek adineko emakumeen aurkako indarkeria ikusarazteko kanpaina abiarazi du. "Entzunez gero, ikusiko duzu. Soilik adi dagoen gizarte batek antzeman dezake indarkeria ezkutuena" lelopean, kanpaina egin du telebistan, irratian, off-line eta online medioetan eta sare sozialetan. Kanpaina honi begira, 55 eta 79 urte bitarteko zazpi emakumeren testigantzak bildu ditu Emakundek. Biktima horientzat ez da erraza izan euren testigantza ematea, baina guztiek ere beste emakume batzuei laguntzeko helburuarekin egin dute.
Ildo horretan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "indarkeriaren biktima diren emakumeei adi egoteko, babesa emateko eta laguntzeko" eskatu dio gizarteari, eta gaurko egunez "publikoki erakusteko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dutela eta indarkeria pairatzen ari direnei babesa ematen dietela", betiere osasun protokoloak errespetatuz.
Halaber, eskerrak eman dizkie biktimak artatzen lan egiten duten profesional guztiei. Emakundek bereziki gogoan izan ditu bizirik atera diren eta beren testigantza publiko egin duten emakumeak, beste emakume batzuei laguntza handia eskaintzen dietelako. Horregatik, eskerrak eman dizkie bereziki "Entzunez gero, ikusiko duzu" aurtengo Emakunderen kanpainan euren testigantzekin parte hartu duten emakumeei.
Emakundek ez ezik, Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak sentsibilizazio kanpainak egin dituzte azaroaren 25aren baitan.
Araban, Foru Aldundiak gazteengan eta sare sozialetan egin du azpimarra. "Aske maite" lelopean, kontrolaren eta "lodifobiaren" aurkako mezuak eta giza harreman osasuntsuen aldekoak zabaldu dituzte.
Indarkeria matxistaren aurreko urrats bat diren jarrera ikusezinak dira Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri duen sentsibilizazio kanpainaren ardatza. "Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da" da aukeratutako leloa. Ekimenak "ondoren indarkeria matxista sortzen duten eta batzuetan ikusi nahi ez diren jarrerak eta urratsak" daudela erakutsi nahi du.
Gipuzkoak ere kanpaina bat abiarazi du eguneroko eraso sexista normalizatuak "desaktibatzeko" helburuarekin. "Indarkeria matxistaren aurrean ez zaitez ikusle huts bat izan" lelopean, ohiko indarkeria normalizatu horren kontzientzia hartzea bilatzen du.
"Ireki begiak. Berdintasunean aurrera egiteak emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten du" leloa du aurten Nafarroako Gobernuak azaroaren 25erako prestatu duen kanpainak. Kanpainak gertuko inguruneetan indarkeria matxista identifikatzeko eta berdintasunaren esparruan aurrera egiteko deia egiten du. Helburua da herritarrek eremu pertsonalean, familiarrean, sozialean eta lanekoan gertatzen diren eguneroko indarkeriak identifikatzea eta desagerrarazteko konpromisoa hartzea.
Halaber, Nafarroako Gobernuak koronabirusaren biktimei eta bizirik atera direnei omenaldia egiteaz gain, pandemiaren lehen lerroan oinarrizko zerbitzuetan lan egiten duten eta gehiengoa diren emakumeak gogoratu ditu Foru Gobernuak, hala nola osasun, gizarte, hezkuntza eta merkataritza zerbitzuetan.
Gainera, Nafarroako Gobernuak adierazpen instituzional bat aurkeztu du indarkeria mota hori gaitzesteko, elkarretaratze isila egin du eta pankartak zintzilikatu ditu Nafarroako Jauregiko balkoietan, "Indarkeria matxista gehiagorik ez" leloarekin.
Gaur goizean, Arabako Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eta Gasteizko Udalak parte hartu dute azaroaren 25aren harira Gasteizen deitutako elkarretaratzean.
Bizkaiko Batzar Nagusietan osoko bilkura egin dute goizean, eta emakumeentzako laguntza-neurriak diseinatzeko biktimei entzungo dietela aurreratu dute.
Lehendakaritzaren egoitzan ere minutu bateko isilunea egin dute, Eusko Jaurlaritzako sailburuek eta Iñigo Urkullu lehendakariak.
BIDEOA | Indarkeria jasaten duten emakumeen ia erdiek ez dute salatzen
BIDEOA | Tratu txarrak salatzearen beharra azpimarratu du Ertzaintzak
Genero indarkeria, zenbakitan
Gaur egun, Nafarroan, 1.103 kasu aktibo daude erregistratuta Viogen sisteman; horien artean, 561 emakumek poliziaren babesa behar dute, eta ia hamar arrisku handiko edo muturreko egoeran daude.
Urtarrila eta iraila bitartean, 90 emakume eta 82 seme-alaba artatu behar izan ditu genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta integrala emateko taldeen sareak, eta aurten profesionalen kopurua handitu egin da. COVID-19aren ondorioz martxoan konfinamendua hasi zenetik, eta irailera arte, salaketak % 30 igo dira 2019ko epe berarekin alderatuta.
2020an, gaur arte, 2.269 dei jaso ditu indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefonoak (900 840 111) Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Deien % 55,31 Bizkaitik egin ziren (1255), % 26,70 Gipuzkoatik (606), % 15,64 Arabatik (355) eta % 2,88 autonomia-erkidegotik kanpokoak izan ziren (53).
Etxealdi garaian -martxoaren 15etik ekainaren 21era bitartean-, guztira 798 dei jaso ziren; haietatik, % 74,88 biktimek beraiek egin zituzten (596). % 18,59 beren inguruneko pertsonek egin zituzten (148), eta % 6,53, profesionalek (52).
Bestalde, genero indarkeriaren biktima izan diren 4.781 emakumek - iaz baino 122 gehiagok- jasotzen dute, gaur egun, Ertzaintzaren babesa. Lurraldeka, 2.254 dira Bizkaian (2019ko azaroan, 2.356), 838 Araban (752) eta 1.689 Gipuzkoan (1.551).
BIDEOA | Indarkeria matxistaren eraginez emakume bat hil dute aurten Ipar Euskal Herrian
BIDEOA | Asier Nieblaren familiak indarkeria matxistaren legea aldatzea nahi du
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.
32 urteko emakumezko bat zauritu da Iruñean, ibilgailu batek harrapatuta
Ezbeharra 07:32an gertatu da, Arrosadia auzoan. Emakumeak kolpe ugari jasan ditu, hortaz, Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuarekin.
Trafikoa bere onera itzuli da A-8an Irun parean, baina auto-ilara txikiak oraindik daude Kantabriarako noranzkoan, Abanton
Zubiaren hasieran trafiko-eragozpenak izan dira A-8 autobidean.
Furgoneta-gidari bat zauritu da A-1 errepidean, Asparrenan, errepidetik atera eta bazter-babesaren aurka talka eginda
Istripua ostegun honetako 08:45ean jazo da. Zauritutako gidaria ospitalera eraman dute.
Albiste izango da: Korrikaren hasiera, Ekialde Hurbileko azken ordua eta Europako Kontseiluaren bilera
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Atharratzetik Bilbora, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu
Euskararen aldeko ekimenak hizkuntzaren errealitate guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro inguru egingo ditu Korrikak eta 460 herritatik igaroko da. ETB On plataformak etenik gabe jarraituko du ibilbidea, eguneko 24 orduetan.
ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.