Emakume bat atxilotu dute Beasainen, bikotekidea bizkarrean sastatzeagatik
52 urteko emakume bat atxilotu zuen Ertzaintzak ostiralean, Beasainen (Gipuzkoa), bikotekidea bizkarrean labanaz sastatzea egotzita. Gizona Zumarragako Ospitalean dago.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakariak bart jazo ziren, 22:30 aldera. Beasaingo etxebizitza batean gertatutako eraso baten berri izan zuen Ertzaintzak.
Gizona lehen solairuan ahuspez etzanda aurkitu zuten ertzainek, bizkarrean zauri bat odoletan zuela. Bizilagun bat zauritua artatzen ari zen.
Bikotekidearekin eztabaida beroa izan zuela azaldu zien zaurituak ertzainei, eta etxebizitzatik alde egiteko erabakia hartu zuela.
Hala ere, etxetik ateratzen ari zela sorbaldaren behealdean min-ziztada sentitu zuen, eta emakumeak labana sartu ziola konturatu zen.
Jarraian, gizonezkoa lehen solairura jaitsi zen, bizilagun bati laguntza eskatzeko.
Gutxi geroago, osasun langileak heldu ziren, eta biktima artatu eta Zumarragako Ospitalera eraman zuten.
Aldi berean, beste ertzain batzuk etxebizitzara igo ziren, eta ustezko erasotzailearekin hitz egin ondoren, etxeko indarkeria egotzita atxilotu zuten.
Atxilotua epailearen esku utzi dute goizean.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak