Koronabirusa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hiru hildako gehiago Nafarroan, baina aurreko egunetan baino positibo gutxiago

Astearte honetan behera egin dute kasuek, 160 zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positiboen tasa ere jaitsi egin da: % 6,2tik % 4,7ra.
Nafarroako Unibertsitate Klinikako ZIU bat.
Nafarroako Unibertsitate Klinikako ZIU bat. Argazkia: EFE

Hiru pertsona gehiago hil dira covid-19ak jota Nafarroan, eta beste hamar lagun ospitaleratu dituzte (bat bera ere ez ZIUn), Foru Gobernuaren arabera.

Atzo ez zen inor hil, baina aurreko egunetan 80 eta 92 urteko bi emakume eta 83 urteko gizon bat zendu dira. Guztira, beraz, 1.042 heriotza gertatu dira Nafarroan, koronabirusarekin lotuta, pandemia hasi zenetik.

Ospitaleen egoera "egonkorra" da gaur-gaurkoz. 197 paziente daude ospitaleratuta; horietako 32 ZIUn, alegia, atzo baino bi gutxiago.

Sistema publikoan lanean ari diren osasun langileen artean 68 positibo daudela baieztatu du Osasunbidea Osasun Zerbitzuak, eta iragan astean 28 kutsatze berri atzeman zituzten. Orotara, 13.000 langile daude.

Adin-tarteka banatuta, 15 urtez azpikoen artean atzeman dituzte kutsatze gehienak (% 20), eta 15 eta 19 urte eta 45 eta 59 urte bitartekoen artean ere kasu asko izan dira (% 19).

Positibo berrien batezbesteko adina 39,9 urtean dago, eta, generoari dagokionez, kutsatuen % 55 emakumezkoak dira eta % 45 gizonezkoak.

160 positibo berri eta % 4,7ko tasa

Astelehenean izandako gorakadaren ostean, astearte honetan behera egin dute kasuek, 160 zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Positiboen tasa ere jaitsi egin da: % 6,2tik % 4,7ra.

PCRak eta antigenoak batuta, guztira, 3.394 proba egin zituzten atzo.

Horrenbestez, bosgarren eguna da jarraian 200 positibo baino gutxiago zenbatzen direna. Duela astebeteko kasuekin alderatuz gero, 19 kutsatze gutxiago atzeman dira, eta duela bi asteko datuekin erkatuta, handiagoa da jaitsiera (40 gutxiago).

Astearte honetan udalerri edo gune bakar batek ere ez du 10 kasuen langa gainditu. Denen buru dago Iruñeko Arrosadia auzoa, zortzi kutsatzerekin. Ondoren datoz Arrotxapea, Iturrama eta I. Zabalgunea-Alde Zaharra, seina kasurekin. Iruñean bakarrik 48 positibo atzeman dituzte. Gainerakoan, bosna kasu zenbatu dituzte Artikan, Castejonen, Sarrigurenen eta Tutera Ekialdean.

Langile soziosanitarioen % 50ek jaso dute bigarren dosia

Sistema publikoa eta pribatua kontuan hartuta, langile sanitarioen % 50,47k jaso dute covid-19aren aurkako txertoaren lehen dosia. Behargin soziosanitarioen artean, berriz, % 50ek hartu dute bigarren dosia.

Mendekotasun handia duten pertsonen artean % 34ra iritsi da txertaketaren lehen fasea, Nafarroako Gobernuak emandako datuetan oinarrituta. Atzo bertan, 828 pertsonak bigarren dosia jaso zuten, eta dagoeneko 7.204 dira txertaketa prozesua bukatu duten nafarrak.

Gaur arte, 28.796 txerto jarri dituzte (atzo 1.434 dosi). Jasotako dosiak, bestalde, 33.625 dira. Horrek esan nahi du txertoen % 85,7 jarri dituztela jada.

Pandemiak 60.000 heriotza baino gehiago eragin ditu Espainian

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, azken orduetan 31.596 positibo gehiago detektatu dituzte eta 565 pertsona hil dira Estatuan. Beraz, pandemia hasi zenetik 60.370 heriotza izan dira guztira.

Horrez gain, ospitaleetako zaintza berezietako unitatean presioak maila berean (oheen %44,4 daude okupatuta) jarraitzen duela eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 815 kasutara jaitsi dela jakinarazi dute.  

Denera, 2.883.465 pertsona daude koronabirusarekin kutsatuta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Zure interesekoa izan daiteke

Zaldibar Argituren bilkura hondamendiaren 6. urteurrenean
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Zaldibar Argitu plataformak auziaren instrukzio fasea amaitzeko galdegin du hondamendiaren 6. urtemugan

Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak gogoan, urtero legez, ekitaldia egin du herri plataformak Eitzaga auzoan. Bildutakoek esan dutenez, "gogaituta" daude, epaitegiak 72 hilabete baitaramatza ingurumen delituak ikertzen. "Argitu dadila dena", aldarrikatu dute. Horrez gain, zabortegiaren zati bat "babesik gabe" dagoela eta bertako hondakinak "zuzenean errekara jausten" ari direla salatu dute.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Guggenheim Urdaibai proiektua "herri mugimenduak geldiarazi" duela ospatu dute Gernikan

Gernikan gaur ospatu dute Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko abenduan hartu zen erabakia. "Herri mugimenduaren garaipena" izan dela proiektu hori geldiaraztea, eta "herritarren borrokari esker gelditu" dela ospatu dute mosaiko erraldoi bat osatuz. Argi eta ozen aldarrikatu dute "gizarte antolatua gai dela erakunde eta agintarien burugabekeriei aurre egiteko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X