Bidasoa ibaian hildako migrantea 18 urteko ginearra zen
Bidasoa ibaiko uretan (Irun, Gipuzkoa) igandean hil zen migrantea 19 urteko ginearra zen (19 urte beteko lituzke azaroan). Abdoulaye Coulibaly zuen izena, EITB Mediak jakin duenez.
Guinea Konakryn sortua, maiatzaren 23an iritsi zen Espainiako Estatura, Kanaria Handira, patera batean, beste hainbat pertsonarekin batera. Bera eta gainerako migranteak Gurutze Gorriak uharte horretan kudeatzen dituen kanpamenduetako batera eraman zituzten, eta elkarte horrek, babesgabeak zirela ikusita, penintsulara eramatea eskatu zuen.
Gaztea Granollersera (Katalunia) heldu zen orduan, laguntza humanitarioko programaren barruan. Handik hainbat egunetara, baina, herri horretatik alde egin zuen, bere kabuz eta inori jakinarazi gabe, Gipuzkoarantz. Abuztuaren 5ean, Irungo Iruleen kaleko dispositiboan artatu zuten, eta hiru egun geroago irten zen bertatik. Goiz horretan bertan, itota hil zen. Antza denez, Frantziako Estatuan sartu nahi zuen, senide bat baitzuen bertan bizitzen.
Coulibalyren heriotza Bidasoa ibaian egoera antzekoan gertatutako bigarrena da hiru hilean.
Irungo Harrera Sareak, hainbat elkarte sozialek eta agintariek heriotza hau deitoratu dute, eta Europar Batasunaren migrazio politika kritikatu dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Juntsen ezezkoak tentsioa areagotu du Solen, eta etxebizitzaren aldeko plataformek greba orokorra dute hizpide
Euskal Herrian urriaz gozatzeko 10 plan. Zein duzu gogoko?
Alerta euriagatik penintsulako ekialdean, 150 l/m² baino gehiagorekin Castellon