Koronabirusa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Kutsatuen kopuruak beherantz jarraitzen du Nafarroan, heriotza berri bat izan den egunean

Guztira, 27 kasu atzeman dituzte astelehenean; Iruñeko Arrotxapea auzoa izan da kaltetuena azken orduetan, bost positibo berri zenbatu baitituzte bertan, eta Betelu eta Fitero ageri dira zerrendan ondoren, hirunarekin. Positibitate-tasa azken urteko baxuena da (% 1,7).
Pertsona talde bat txertoa jasotzeko itxaroten. Argazkia: EFE.
Pertsona talde bat txertoa jasotzeko itxaroten. Argazkia: EFE.

Nafarroan, 27 koronabirus kasu berri erregistratu dituzte astelehen honetan, Osasun Departamentuak emandako datuen arabera. Ekainaren 20tik izan den kutsatuen kopururik txikiena da.

Atzo 1.558 diagnosi-proba egin ziren eta % 1,7 baino ez ziren izan positibo. Urritik erregistratutako positibitate-tasa baxuena da. 

Kutsatu kopuruaren jaitsiera nabarmena da; izan ere, 39 kasu atzeman zituzten igandean (% 5eko positibotasuna); 55 zenbatu zituzten larunbatean (% 6,2); 47, ostiralean (% 3,6); 48, ostegunean (% 3,7); 81, asteazkenean (% 9); 53, asteartean (% 4,1), eta 70, astelehenean (% 5,3).

Iruñeko Arrotxapea auzoa izan da kaltetuena azken orduetan, bost positibo berri atzeman baitituzte bertan, eta Betelu eta Fitero ageri dira zerrendan ondoren, hiruna kasurekin.

Datuak onak izan arren, pertsona bat hil da azken orduetan covid-19agatik; hala, 1.233 dira guztira Nafarroan koronabirusagatik hil diren pertsonak.

Atzo, 17 pertsona ospitaleratu zituzten, horietako 2 zainketa intentsiboen unitatean. Gaur egun, beraz, 62 pertsona daude ospitaleratuta (bezperan baino 3 gutxiago) eta 17 daude ZIUn (igandean baino 3 gutxiago).

Txertaketari dagokionez, astelehenean 228 dosi jarri ziren, eta, ondorioz, inokulatutako dosiak 961.317 dira jada. Horrela, Nafarroan 503.721 pertsonak dute pauta osoa.

Neurrien arintzea

Egoera epidemiologikoa hobera egiten ari dela eta, ostiraletik aurrera ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegiak luzatzea, garraioaren edukierak handitzea, gazteen lokalak berriz zabaltzea eta kanpoaldean gehienez 10 pertsona biltzeko muga kentzea planteatu du Nafarroako Gobernuak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Zure interesekoa izan daiteke

Amaia Zabarte senarrarekin eta abokatuarekin
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Kasua artxibatu ostean, Justizian sinestea zaila egiten zaiela adierazi du Amaya Zabarteren senarrak

Epaileak Amaya Zabarteren kasua artxibatzea erabaki zuen atzo, eta familiak helegitea jarri du gaur. Haren bikotekideak, Joseba Novoak, haserre eta minduta daudela dio. Deitoratu du epaileak ertzainen bertsioa soilik izan duela kontuan, lekukoen testigantzak eta frogak alde batera utzita. Probintzia Auzitegira begira itxaropentsu dago, justizia kasua hara heldutakoan iritsiko zaielakoan. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X