Labak dena suntsitzen segitzen du La Palman, baina abiadura galdu du eta ez dago argi itsasora iritsiko den
La Palmako sumendiaren erupzioak ez du etenik eta labak dena aurretik eramaten jarraitzen du, oso astiro bada ere. Orain, orduko lau metroko abiaduran mugitzen ari da. Adituek ez dakite erupzioa noiz amaitu daitekeen eta dagoeneko zalantzan jarri dute itsasora iritsiko dela.
Miguel Angel Morcuende Pevolcako zuzendari teknikoak asteazken honetan adierazi duenez, Cumbre Vieja sumendia "egonkortasun txikiko" egoeran dago, baina "nahikoa leherkorra" da. Hala ere, magma koladek abiadura galdu dute, eta oso motel aurrera egiten ari dira. Horregatik, adituak ez du iragarri nahi izan azkenean itsasora helduko ote den ala ez.
Larrialdi batzordea bildu ondoren prentsaurrekoa eman du Morcuendek. Sumendiak isurtzeko bederatzi gune dituela azaldu du, horietako lau aktibo daude. Erantsi duenez, orain arrakala bakarra du, nahiz eta hasiera batean bi izan.
Sumendiak "laba botatzen" jarraitzen du, eta koladak "moteltzen" ari dira biskositate handiagoa dutelako eta bidean dauden zulo naturalak "betetzen" ari direlako.
"Aurrera egiten jarraituko duela dio aurreikuspen matematikoak, baina itsasora iritsiko ote den ez dakigu. Ikusteko denbora izango dugu, magma geldiro doalako", zehaztu du. Hala ere, azken egunetako leherkortasuna errepikatzea ezin dela baztertu gaineratu du.
Nahiz eta leherkortasuna izan, uhartearen deformazioa "ez da hazi", eta 28 zentimetrotan jarraitzen du, horietatik 24 sei egunetan eragin zituen.
Sumenditik ateratzen ari den labak 154 hektarea estali eta 320 eraikin txikitu ditu dagoeneko, Europar Batasuneko Copernicus programa satelite bidez egiten ari den jarraipenaren arabera.
Kanarietako Bolkanologia Institutuak esan duenez, La Palma uharteko erupzioak 24-84 eguneko iraupena izan dezake.
Uhartean gertatutako erupzio historikoen datuak eskuan hartuta egindako kalkulua da, baina "erantzuteko batere erraza ez den galdera" bat dela onartu dute.
Hiru egunetan soilik labak estalitako eremua % 50 hazi da La Palman. Egoera 55 egunez luzatu daitekeela uste dute adituek; ondorioz, sumendia gutxienez azarora arte magma botatzen egongo da.
Laba desbideratzeko edo hozteko saiakera antzuak
Kanaria Handiko suhiltzaileak makineria astunarekin laba desbideratzen saiatu dira astearte gauean.
Era berean, suhiltzaileak laba mihia hozten saiatu dira zonalde batzuetan, makineria astunaren lanari denbora gehiago emateko asmoz, baina laba "geldiezinak" aurrera egiten jarraitzen duela onartu dute, batez ere Todoquen (Llanos de Aridane), uhartean lanean ari diren suhiltzaileek azaldu dutenez.
Nahiz eta larrialdi zerbitzuak labaren norabidea aldatzen saiatu, Angel Victor Torres Kanarietako presidentea eta Mariano Zapata La Palma Kabildoko buruzagia etsita agertu dira: "naturaren indarraren aurrean ez dago zereginik".
"Laba birbideratzea ezinezkoa da, eta ezin daiteke deus egin", deitoratu du krisi batzordeak.
Todoque, labak pixkanaka-pixkanaka itzali duen auzoa
Labaren abiadura moteltzeak gutxienez Todoqueko bizilagunei etxera itzultzeko aukera eman die, funtsezko agiriak eta gauzak salbatzeko. Etxebizitzek zutunik jarraitzen baldin badute behintzat, magmak asko txikitu dituelako jadanik.
Todoque bizitza zuen auzo bat zen. Anbulatorio, ikastetxe, botika eta jolastokia zituen. Baina orain hutsik dago, laba mihi ikaragarri batek zeharkatu eta bere historiaren zati bat estali duelako.
Sufre dioxidoa
Morcuenderen hitzetan, sufre oxidoaren neurketek "ez dute osasunarentzako arriskurik neurtzen", eta gasek altuera garaiena harrapatu dute, 1.000 metro inguru.
Hala ere, "sumendia ikusteko modurik onena telebistaren bidez da, herritarrak beste arrisku bat gehiago ez bihurtzeko eta errepideak ez betetzeko", ohartarazi du. Erupzioak begietan eta biriketan kalteak eragin ditzakeela esan du.
Konkretuki, erupzioaren sufre dioxidoak muki-mintzetan narritadura, negar-jarioa, biriken hantura edo bronkitisa, albeolitisa eta neumolitisa eragin ditzake, Espainiako Pneumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkarteak ohartarazi duenez.
Sufre dioxido horrek iberiar penintsularen zati handi bat, ia Maroko eta Tunisia osoa eta Frantzia, Italia, Algeria eta Libiako kostaldeak estaliko ditu ostiralean, Copernicus Europako satelite sistemak jakitera eman duenez.
Twitterren zabaldutako argazki batean, ostiralerako iragarpena ikus daiteke. Orduan kontzentrazio maila handienak izango dira Marokoko kostalde atlantikoan, Espainiako Mediterraneoan, Sardiniako hegoaldean, Siziliako iparraldean eta Tunisiako kostaldean.
Zure interesekoa izan daiteke
Laredoko alkateak ukatu egin du herrian euskal udatiarren aurkako jazarpenik dagoenik
Laredon uda igarotzen duten hainbat familiak salatu dutenez, euskal herritarrak izate hutsagatik egin diete eraso. Hala ere, alkateak ukatu egin du "euskal herritarren kontrako jazarpenik dagoenik", eta kasu bakanak direla ziurtatu du.
Horrela bizi izan zuten lurrikara Kolonbian dauden hainbat euskal herritarrek
Kolonbian dauden euskaldun batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu. EHUko medikuntzako ikasle batzuekin eta lagun talde gipuzkoar batekin izan gara. Oraindik gorputzetik beldurra kendu ezinik daude, baina eskertuta onik daudelako.
Osakidetzak arreta oftalmologikoa indartuko du Larrialdietan, eklipsearen ondorioei aurre egiteko
Euskal Osasun Sistemak etengabe jarraituko du asistentzia-jarduera eklipsearen egunean eta ondorengoetan, baliabideak egokituz eta espezialistak aktibatuz.
Villalibado, NASAk eklipsea ikusteko aukeratutako herria
NASAko eta San Frantziskoko Exploratoriumeko 30 bat ikertzailek Villalibado hartu dute, Burgosko probintziako herri erdi abandonatu bat, eguzki-eklipsea jarraitzeko. Fenomeno astronomikoa aztertuko dute eta, gainera, zuzenean emango dute, 10 milioi pertsonak baino gehiagok ikusteko aukera izan dezaten.
Kezka nagusi Euskadin bizi diren kolonbiarren artean: "Komunikazioak kolapsatuta daude"
Johana Garcia Osorio Euskal Herrian bizi diren 19.000 kolonbiarretako bat da. Lurrikara gertatu zenetik, ez dute izeba baten berririk.
Jaurlaritzak LABI alerta-fasean ezarriko du, eguzki-eklipsea eta tenperatura altuengatik
Dispositibo berezia asteazken honetako 15:00etan abiatuko du. Eklipsea gertuko leku batetik behatzea, joan-etorriak saihestea eta betaurreko homologatuak bakarrik erabiltzea gomendatu du Jaurlaritzak.
Asteazkenean hegazkinez bidaiatuko duzu? Hona hemen eklipsea airetik ikusiko duten hegaldiak
19:30etik 20:45era bitartean, dozenaka hegaldik zeharkatuko dute penintsula. Hona hemen eklipsearen den unean airean egongo diren hegaldien zerrenda.
Euskal Herria ilunpetan jarriko duen eklipse historikoaz segurtasunez gozatzeko gida
Asteazken honetan, abuztuak 12, eguzki-eklipse osoa izango da, 1905etik izan ez dugun fenomenoa. Hemen hainbat jakingarri azalduko ditugu: non ikusi, ordutegiak eta begiak nola zaindu, besteak beste.
Euskal Herrian eguzki eklipse osoa Fiteron ikusiko da luzaroen
Tokiaren arabera ezberdin ikusiko da eklipsea; osoa toki batzuetan, partziala besteetan. Eta itzalaldiaren iraupena ere aldatu egingo da aukeratutako parajearen arabera. Euskal Herrian gertakari astronomiko honetaz gozatzeko tokirik onena Fitero izango da, Nafarroan. 86 segundo iraungo du eta ikusmin handia dago bertan.
Ander Lopez Lerena (Bogota): 'Gosaltzen ari ginela hasi da lurra mugitzen, baina hemen ez da hainbesterako izan'
Lurrikara izan den unean, Kolonbian zen EITBko gure lankide Ander Lopez de Lerena. Hiriburuan, Bogotan nabaritu du astindua. Medellinen ere nabaritu da astindua eta baita Venezuelan, Ekuadorren eta Panaman ere.