939 positibo berri eta sei hildako izan dira azken egunetan EAEko adinekoen egoitzetan
Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen egoitzetan 939 positibo berri zenbatu dituzte eta sei pertsona hil dira azken egunetan, horietatik hiru Bizkaian eta beste hiru Gipuzkoan.
Arabari dagokionez, kutsatzeak ia boskoiztu egin dira astebetean. Iragan asteartean 40 kasu aktibo zeuden eta astebete geroago 184 dira. Horietatik, sei pertsona daude ospitaleratuta. Gainerakoek ez dute sintomarik edo sintoma arinak dituzte. Azken egunetan ez da inor hil koronabirusagatik Arabako adinekoen egoitzetan.
Arabako Foru Aldundiak gaur zabaldutako datuen arabera, 171 langile daude bajan gertuko kontaktua direlako edo koronabirusak jota daudelako.
Bizkaian, hiru adineko hil dira azken egunetan. Guztira, 410 pertsona daude birusak jota 60 zentrotan, eta horietatik 28 ospitalean daude. Positibo diren gehienek ez dute sintomarik, eta ospitalean daudenek patologiak zituzten lehendik.
Gipuzkoan, ostera, hiru pertsona hil dira hiru egunetan adinekoen egoitzetan. Atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean jakinarazi zuenez, 115 positibo berri zenbatu dituzte ostiraletik astelehenera bitartean. Halaber, Gipuzkoan, 40 egoiliar daude koronabirusaren erreferentziazko zentroetan.
Azaroaren 29tik 317 positibo hauteman dituzte lurraldeko adinekoen egoitzetan. Horietatik zortzi hil egin dira eta 137, ostera, sendatu.