Indarkeria matxistaren aurrean "neutralak" ez izateko eskatu dute euskal erakundeek eta alderdiek
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratze isila egin dute eguerdian, Lehendakaritzan, Imanol Pradales lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria buru.
Imanol Pradales lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria Lehendakaritzan egindako kontzentrazioan. Argazkia: EFE.
Gaur, azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, indarkeria matxistaren aurrean jarrera "neutralak" ez hartzeko eskatu dute euskal erakundeek eta alderdiek, "ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak eta isilik egoteak badutelako ondoriorik".
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratze isila egin dute eguerdian Lehendakaritzan, Imanol Pradales lehendakaria eta Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria buru. Halaber, Eusko Jaurlaritzako karguek eta langileek ere parte hartu dute.
Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Pradalesek azpimarratu du indarkeria matxistaren aurrean ez dagoela "jarrera neutralik", denoi dagokigula "leku bat haren aurrean".
Indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izateko eskatu dute erakundeek
Euskal erakundeek indarkeria matxista salatzeko elkarretaratze isilak egin dituzte goizean eta adierazpen instituzionalak ere irakurri dituzte. Mezu nagusia berdina izan da guztietan eta indarkeriaren aurrean jarrera aktiboa izateko eskatu dute, neutraltasunik ez dagoela argudiatuta.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetako udaletan talde politikoen bozeramaileek irakurri dituzte adierazpenak, eta edukia ia berdina izan da, Eudelek eta Emakundek egindako adierazpenetan oinarritu baitira.
Erakundeek ez ezik, alderdi politikoek ere indarkeria matxistaren aurkako mezuak zabaldu dituzte, eta sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte, nork bere aldetik.