Aspanogi: "Minbizia kasu gutxiago izan ditugu pandemian"
Urteak daramatza Nekane Lekuonak (Lazkao, 1978) Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartean gizarte langile gisa beharrean. Pandemia tarteko, azken bi urteak "oso arraroak" izan direla aitortu digu, hein batean aurrez aurrekoa galdu duelako elkarteak: "Haur minbizidunen familiek behar dute aurrez aurreko hori, maskararekin bada ere, begietara begiratu ahal izatea". Orain, "indarberrituta", normaltasuna berreskuratzen ari dira. Gaixotasunaren erpinez eta izurriak eragindako muga eta beldurrez mintzatu gara berarekin Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean.
Zenbat haur-minbizi kasu diagnostikatzen dira EAEn urtero, eta zein da minbizia mota ohikoena?
100-150 bat, azken urteetako batezbestekoa da hori. Gipuzkoan 2021ean gutxiago atzeman genituen, ez dakigu zergatik… Bizkaian, aldiz, kasu asko izan dituzte, baina egia da Gurutzetako Ospitalean beste lurraldeetako kasuak ere eramaten dituztela; beraz, zaila da konparazio bat egitea. Behintzat, leuzemia kasu gutxiago izan ditugu. Pediatra batek aurrekoan esan zuenez, akaso horren arrazoia maskararekin ibiltzea eta prebentzio neurriak asko zorroztea izan liteke. Babestuago egon dira umeak, eta, agian horregatik, gaixotasuna ez da ernatu edo garatu. Baina ikusi beharko da, agian gerora aterako dira. Heriotza kopurua, ordea, mantendu egin da. Gipuzkoan sei izan ziren iaz.
Helduen minbiziarekin alderatuta, haur-minbizi kasuak gutxi dira, % 1 inguru. Egia da gaixotasun arraroa dela, gutxi ematen da, eta itxaropen mezua ere eman behar dugu biziraupen tasa oso altua delako, % 80-85 ingurukoa; hori bai, herrialde garatuetan da hori, tratamendua dagoenetan.
Zenbaki horien atzean, umeak, neraberak eta euren familiak daude; horregatik diogu ikerketak jarraitu behar duela. Gaixotasun arraroa izango da, baina ikertu beharra dago, eta kasu batzuk, zoritxarrez, ez dira sendatzen.
Minbizi moten artean, leuzemia da ohikoena, kasuen % 30 gutxi gorabehera. Gero, nerbio sistema zentralari eragiten dioten minbizi kasuak daude, % 19.
Zenbat irauten du, batez beste, haur-minbiziari aurre egiteko tratamendu batek?
Leuzemiaren kasuan, tratamenduak bi urte irauten du. Horrek ez du esan nahi bi urte ospitalean emango dituztenik, baina joan-etorriak egoten dira, osasun zentroetan eta etxean ere artatzen dituzte. Beste minbizia kasu batzuetan, urtebetekoa izaten da, baina motaren arabera. Gainera, gero jarraitu behar dute urtero-urtero errebisioak egiten. Sendagiria 10 urtera ematen dute. Baina probak egite horrek segurtasuna ematen die gurasoei, lasaigarria da eurentzat.
Prebeni daiteke haurren minbizia? Bada aurrea hartzeko neurririk?
Prebentzioa zaila da haurren kasuan, ez dakitelako oso ondo nola eta zergatik garatzen den gaixotasuna. Helduekin ez bezala, ez da bizi-estilo bategatik edo ohitura txarrengatik. Umeen kasuan, genetikak eta herentziak zeresan handia du.
Nola eragin du pandemiak osasun arretan?
Ospitaleetan, onkologian, arreta aldetik ez dugu ondorio berezirik igarri, presentzialtasuna mantendu delako. Dena den, giroan sumatu da, batez ere hasieran mugak eta beldurrak gehiago zirenean, eta hori kutsatu egiten da.
Gurasoek eta haurrek bai sentitu dute bakardade gehiago. Adibidez, bi gurasoak ezin ziren gelan batera egon, pasilloetara ere ezin ziren atera eta gela barruan egon behar ziren. Ezin zen bisitarik jaso; beraz, senitartekoak, lagunak... ezin zituzten ikusi. Hasieran, gainera, gu (gizarte langileak eta elkarteko kideak) ere ezin ginen ospitalera joan, osasun langileak ez ginelako; psikologoa bai joaten zen, baina gu ez. Tristura handiagoa sumatu dute. Beraz, arlo emozionalean igarri da pandemia.
Lehen Arretan, guraso batzuek esan digute kontsulta aurrez aurrekoa ez izateagatik diagnostikoa atzeratu zaiela; batez ere hasieran, dena itxita zegoenean, eta beldur gehiago zegoenean. Eta, akaso, ikerketa lerroak bai atzeratu dira.
Gaixotasunari berari dagokionez, hasieran beldur handia zegoen. Gurasoek galdetzen ziguten: "Eta seme-alabak hartzen badu, zer gertatuko da?". Baina gero joan gara ikusten, babes-neurriak hartuta, ez dela izan hainbesterainokoa. Guk Gipuzkoan izan ditugun kasuek bilakaera ona izan dute, eta ez dugu erregistratu heriotzarik koronabirusak eraginda.
Izurriak zelan kolpatu du Aspanogi elkartea?
Oso urte arraroak izan dira. Ezin genituen ekintzak egin, ezin ginen familiekin bildu... Urtero Port Aventurara joaten ginen familiak elkarrekin egoteko eta haurrek ondo pasatzeko, baina ezin izan dugu halakorik egin. Familiak tristeago egon dira, elkartetik urrunago sentitu dira.
2019ko otsailean, gure urteroko Martxa Nordiko Solidarioa egin ahal izan genuen, baina gero konfinamendua etorri zen, eta, segurtasunagatik, presentzialtasuna galdu genuen, ospitaleetan eta bulegoan. Telefonoz eta birtualki ematen genuen arreta, baina familiek behar dute aurrez aurreko hori, maskararekin bada ere, begietara begiratu ahal izatea…
Orain, zorionez, pixkanaka-pixkanaka ari gara normaltasuna berreskuratzen. Tailerrak, hitzaldiak, IX. Martxa Nordiko Solidarioa... antolatu ditugu berriz. Ama batek ipuin bat idatzi berri du leuzemiari buruz, eta eskola batean kontatuko du; elkartekoak babestera joango gara.
Gogoeta garai bat izan da, baina berriro gaude indarberrituta eta ekintzak egiteko prest. Gainera, jendeak elkartasun ekintzak egin nahi ditu berriro, eta gugana jotzen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Iruñeak bere egun handia ospatu du gaur San Ferminen omenezko prozesioarekin
Zuriz eta gorriz jantzitako milaka iruindarrek Iruñeko kaleak bete dituzte astearte honetan, uztailak 7, jaietako egun handian, San Fermin alde zaharretik igarotzean santuaren omenezko prozesio tradizionalean babesteko. Aurten, tenperatura altuek eragindako alerten ondorioz, prozesioaren ibilbidea aldatu egin da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak enplegu publikoko 281 plaza deitu ditu 18 hautaketa-prozesu berritan
Azterketak 2027ko urtarrilaren 11tik aurrera egingo dira, eta salbuespen bakarra egongo da: kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikari lanpostuetarako azterketan, hain zuzen ere. Azterketa hori abenduaren 1etik aurrera deitu ahal izango da.
Bi pertsona atxilotu dituzte sexu-erasoak egitea egotzita sanferminetako lehen egunean
Agiri baten bidez, Iruñeko Udalak bi atxiloketak baieztatu ditu jaietako lehen 24 orduak igarota egin duen balantzean.
ELAk iragarri du sektore-hitzarmenetako 27 negoziaziotan euskara soilik erabiliko duela
Sindikatuak adierazi duenez, aztertutako ia 1.500 hitzarmenen artean, % 17k baino ez dituzte "hizkuntza eskubideak bermatzeko" neurriak jasotzen.
San Fermin egun handia gogotik ospatzen ari dira Iruñean
Sanferminetako egunik esanguratsuena bizi du Iruñeak: jaietako ekitaldirik jendetsuenak eta tradizionalenak biltzen ditu egitarauak. Lehenengo entzierroa, patroiaren omenezko prozesioa, su artifizialak eta kontzertuak dira San Fermin egun handiko protagonistak.
Garbitzaileak buru-belarri aritu dira ibilbidea garbitzen sanferminetako lehen gauaren ondoren
Egunero, 253-317 pertsonak osatzen dute garbiketa, brigadetan banatuta, eta 80 edukiontzi gorri, 800 eta 1.000 litro artekoak, eta 120 litroko 800 paperontzi ere jarri dituzte.
Fuente Ymbroko zezenek entzierro azkarra egin dute, adarkadarik gabekoa
2 minutu eta 20 segundo iraun du aurtengo sanferminetako lehen entzierroak. Guztira, bost pertsona zauritu dira eta horietako hiru ospitaleratu dituzte, denak kolpeengatik.
Albiste izango dira: San Fermin eguna, alerta laranja beroagatik eta NATOren goi-bilera Ankaran
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Antzuola eta Urretxu artean piztutako baso-sutea kontrolpean dago
Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira Antzuolan 13:45ak aldera deklaratutako sutea itzaltzen. Sugarrak ordu batzuk geroago kontrolatu dituzte.