Nabarmen egin dute behera covid kasuek Nafarroan, murrizketarik gabeko lehen asteburuan
Covid-19 kasu berriek beherakada handia izan dute larunbat honetan Nafarroan. 161 positibo atzeman dira ostalaritzan ia murrizketarik izan ez den lehen asteburuan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Ez da horrelako daturik izan azaroaren 13tik (159 kasu), duela hiru hilabetetik, alegia, baina asteburuetan detekzio proba gutxiago egiten dituztenez, astearteko datuek erakutsiko dute benetako argazkia. Larunbatean, 678 proba diagnostiko egin zituzten eta % 23,7k eman zuten positibo.
Kasu gehien eremu hauetan atzeman zituzten: Txantrea (14), Donibane (9), Sarriguren (8), Bigarren Zabalgunea eta Mendillorri (6na).
Duela urtebete, 2021eko otsailaren 19an, 58 positibo erregistratu zituzten; beraz, seigarren olatuak behera egin badu ere, kopuru handia da oraindik.
Gainera, pertsona bat hil zen atzo covid-19agatik. Ospitaleetako egoerari dagokionez, presioa jaisten ari da. Ostiralean 128 gaixo zeuden ospitaleratuta covid-19agatik (bezperan baino bi gehiago), 15 zainketa intentsiboetako unitatean (bezperan baino bat gutxiago).