Bilboko Casilla pabiloia eraitsi egingo dute, kiroldegi bat eraiki eta ingurua suspertzeko
Hilabete luzez txertaketa gune gisa erabili ondotik, Bilboko Casilla pabiloia eraitsi egingo dute, besteak beste kiroldegi trinko eta moderno bat, erabilera anitzeko espazio handi bat eta lurpeko aparkaleku berri bat barne hartzen dituen eremu berri bat eraikitzeko.
Hala jakinarazi du asteazken honetan Bilboko Udalak; izan ere, Casillaren etorkizunerako estrategia aurkeztu du. Ekimenak, halaber, ingurua suspertzea aurreikusten du, oinezkoentzako espazio gehiago sortuz eta Autonomia kalean (Maria Díaz de Haro eta Gregorio de la Revilla kaleen arteko tartea) ere lanak eginez.
Era berean, Indautxu eta Irala auzoen arteko loturak indartu nahi dira, Ametzola eta Errekaldetik barrena, Maria Diaz de Haroko korridore berdearen eraikuntzari koherentzia eta jarraitutasuna emanez.
Juan Mari Aburto alkateak, Asier Abaunza Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen zinegotziarekin eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziarekin batera, asmoaren nondik norakoak eman dituzte asteazken honetan.
Bilboko Udalaren Gobernu Batzordeak baimena eman du gaur goizean lehiazko elkarrizketaren prozedura has dadin Casilla berriaren proiektua definitzeko eta haren etorkizuneko ustiapena zehazteko.