Bi gizon gazte atxilotu dituzte Ordizian hilketa saiakera delitua egotzita
Ertzaintzak bi gizon gazte, 24 eta 28 urtekoak, atxilotu zituen atzo Ordizian (Gipuzkoa) hilketa-saiakera delitua egotzita, beste gizon bati eraso baitzioten arma zuriz.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, erasoa atzo arratsaldean jazo zen. Labana batekin egindako balizko eraso baten berri izan zuen Ertzaintzak, eta patruila adierazitako lekura iritsi zenean, albo batean eta garondo inguruan hainbat zauri zituen gizon bat topatu zuten.
Lesioak ikusita, agenteek zauriak estali behar izan zizkioten anbulantzia heldu bitartean. Biktima egonkortuta, Zumarragako Ospitalera eraman zuten, eta bertan dago, arriskutik kanpo bada ere.
Gertatutakoari buruzko informazio guztia bildu ondoren, agenteek inguruak miatu eta erasoarekin zerikusia omen zuten bi gizon atxilotu zituzten handik gutxira, homizidio-ahalegina leporatuta.
Bi gizonek aurrekariak dituzte estupefazienteak banatzeagatik. Aurreikuspenen arabera, gaur bertan eramango dituzte Tolosako Guardiako epailearen aurrera.