Peio Bilbao: "Aurrekoek listoia oso altu utzi dute Urbiako fondan, eta bide horri eustea da gure asmoa"
Urbiako fondak kudeatzaile berriak behar zituela jakin zutenean, ez zuten bi aldiz pentsatu Peio Bilbao elgetarrak eta Naiara Romatet azkoitiarrak. Baserritik bizi da Bilbao —txerri haztegia du Elgetan— eta aspalditik zebilkien buruan lan osagarri bat bilatzea. Pentsatu eta egin. Gipuzkoako eta Arabako Partzuergora jo zuten informazio eske, eta hortik aurrera, ia ohartu gabe, fondako kudeatzaile berriak izatera iritsi dira.
Ilusioz helduko diote ardura berriari, baina urduritasuna ezin dute ezkutatu, "jakin badakigu eta, aurrekoek listoia oso altu utzi dutela fondan". Bide horri eustea dute helburu, "berrikuntza txikiren bat" sartuta. Hala aitortu dio Bilbaok eitb.eus-i: "Poza eta kezka, biak nahastuta ditugu oraintxe bertan. Badakigu aurrekoek utzitakoari eustea ez dela erraza, baina horretan ahaleginduko gara. Betiko eskaintzari eutsiz, geure ukitua eman nahi diogu. Neu txerri hazlea izanda, Basatxarri produktuak ere eskainiko ditugu".
Aurrez ibilia da ostalaritzako lanetan Bilbao, eta alde horretatik, ez dauka lan berriari heltzeko beldurrik. Baserriko lanekin uztartuko du fondaren kudeaketa. Bere hitzetan, lan biak "bateragarriak" izan zitezkeela ikusi zuenean erabaki zuen proiektu berriari ekitea. Naiara Romatet, berriz, ingeniaria da, eta horrek ere, bere ofizioari eusteko asmoa du. Asteburu eta jai-egunetan joango da Urbiara.
Irekiera ofizialerako data jarri dute: uztailak 31, San Inazio eguna. Halere, aurrez zabalduko dituzte ateak, "ohitzen eta ikasten joateko". "Kolpera, San Inazio egunean irekitzea, aurrez probatu gabe, erokeria litzateke", gehitu du Bilbaok.
Fondaren kudeatzaile berriak izango zirela jakin zutenetik, "handik atera gabe" dabiltza, aurrekoen laguntzarekin. "Oso eskertuak gaude aurrekoengandik jasotzen ari garen laguntzarekin. Oso jatorrak dira eta sekulako pazientziarekin ari dira dena erakusten".
Azaroaren 1era bitarte egunero —astelehenetan izan ezik— egongo da zabalik Urbiako fonda, eta hortik aurrera, asteburu eta jai-egunetan bakarrik.
Zure interesekoa izan daiteke
Gipuzkoako hainbat garajetan eta trastelekutan ustez lapurretak egin dituen gaizkile talde bat desegin dute
Batez ere, Goierri inguruan egin dituzte lapurretak. Ertzaintzak dei egin die lapurreta horien biktima izan diren herritarrei, Beasaingo komisariara joan daitezen, euren objektuak han dauden egiaztatzera.
Ia 30 graduko tenperaturarekin, uda itxura hartu du Pazko Astelehenak
Ezohiko itxura hartu du Pazko Astelehenak. Eguraldi beroak, hondartzak eta kaleak jendez gainezka utzi ditu. Hotelen betetze-maila % 80-90 ingurukoa izan da Aste Santuan.
Gasteizek lotura zuzena izango du Kanaria Handiarekin ekainaren 15etik irailaren amaiera arte
VIA sozietatearen esleipena lortu ondoren, Binter airelineak astelehen eta ostegunetan jardungo du Forondan. Ibilbide horri esker, Kanarietako artxipelagoko beste aireportuekin lotura egin ahal izango da, bai eta Portugalgo eta Afrika mendebaldeko beste aireportu batzuekin ere.
Hiru pertsona zauritu dira Berangon, lau autok elkar jo ostean
Zauritutako lagunak Gurutzetako ospitalera eraman dituzte, eta auto-ilarak sortu dira istripua gertatu den lekuan. 14:00etarako, baina, bere onera itzuli da zirkulazioa.
Gizon bat atxilotu dute Berrizen emaztea labankadaz larri zauritzeagatik
Gertatutakoa salatzeko, Berrizko Mugimendu Feministak manifestazio zaratatsua deitu du biharko, arratsaldeko 18:30ean, Udaletxe paretik abiatuta.
Aske geratu dira Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Asteburuan epailearen aurretik igaro ostean, guztiak utzi dituzte libre, azken biak igandean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Eusko Jaurlaritzak 'Ttipi Ttapa' gida aurkeztu du, oinez egitea osasun eta kohesio sozialerako tresna bihurtzeko
Osasun Sailak udalerrien eskura jarri du jarduera fisikoa eta harreman sozialak sustatzeko gida praktikoa. Ekimenak ongizate fisiko eta emozionala hobetzea eta komunitateak indartzea du helburu.
Trafiko gorabeherak gaur Bilbon, Itzulia Basque Country lasterketa dela eta
Lasterketaren lehen etapak, Bilbon hasi eta amaituko den 13,9 kilometroko erlojupekoak, trafiko etenak, aparkaleku murrizketak eta garraio publikoan aldaketak eragingo ditu.
Picassoren margolan bat, 100 euroren truke: Alzheimerraren ikerketa finantzatzeko ekimena
Tête de femme (1941) Pablo Picassoren lan original honen zozketa apirilaren 14an egingo da, Parisen, eta oraindik milaka partaidetza daude saltzeko. Ekimen solidario honek mundu osoko parte-hartzaileak erakarri ditu.
Epailearen esku utzi dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzea leporatuta atxilotutako zazpi gazteak
Ostegunean jazo zen erasoa, 18:30 aldera, bost gizonek adin txikikoa sastatu eta ibilgailu batean ihes egin zutenean. Atxilotuek 19 eta 21 urte bitartean dituzte, baina ikerketak zabalik jarraitzen du.