Hasi da ikasturte berria Euskadin covid protokoloaren amaierarekin eta Lomloe legearen ezarpenarekin
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio 2022-2023 ikasturte berriari gaur goizean Donostiako Intxaurrondo Hegoa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxera egindako bisitarekin.
Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, ikasturtea ikasleen % 0,90eko jaitsierarekin hasi da. Guztira, ikastetxe publikoetako 361.031 ikasle daude Haur eta Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Gainera, aurtengo berrikuntza nagusia da ikasleek covid-19aren aurkako murrizketarik gabe abiatu dutela ikasturtea, bi urtetan indarrean izan ondoren. Dena den, Eusko Jaurlaritzak neurri batzuk mantentzea gomendatu du, hala nola, ikasgelen aireztapena.
41.000 irakasle egongo dira geletan, eta aurten, eurak ere ikasle bihurtuko dira, teknologian gutxieneko konpetentzia lortu beharko baitu 10 irakasletik zortzik, euskal hezkuntzako sistema digitalaren berrikuntza plana tarteko.
Era berean, Lomloe hezkuntza lege berriaren ezarpena askoren buruhauste izango da. Lege berriak berrikuntza nabarmenak aurreikusten ditu, besteak beste, etengabeko ebaluazio sistema eta ikasleen gaitasunen araberako kalifikazioak.
Egiteke zegoen beste gai bat, eskola-garraioko zerbitzuarena, gaur goizean bertan itxi da. Izan ere, ikasturtea hasi baino ordu batzuk lehenago, Hezkuntza Sailak eta garraio elkarteek ezarri beharreko tarifen inguruko akordioa itxi dute. Asteazkenean izandako bilera luze baten ondoren, % 24,1eko igoera batekin itxi dute akordioa bi aldeek. Sailburuak azaldu duenez, negoziazioak "oso zailak" izan dira, baina inplikatutako alde guztien "jarrera" onarekin posible izan da akordioari "ekitea", eta horrekin gai hau "itxitzat" jo du.
Gainera, irakasleen ordezkapenak banatzeko webgunean arazoak izan dira azken egunetan. Hortaz, 2.300 bat irakaslek asteazkeneko azken orduetan ezagutu dute non eman behar dituzte eskolak.
Halaber, suizidioa prebenitzeko protokolo bat jarriko da martxan. Hezkuntza Sailburuordetzaren arabera, ikastetxeak "leku aproposak dira osasun mentalaren arazoak edo suizidiora eramaten dituzten jarrerak antzemateko".
Euskal sare publikoko ikastetxeei esleitutako irakasleen zerrendei dagokienez, nabarmendu du ikasturte honetan, 40 urtean lehen aldiz, plaza gehienak uztailaren lehen hamabostaldian esleitu zirela, eta, horri esker, sistemari "egonkortasun" handiagoa eman zaiola.
Hezkuntza Sailak azaldu duenez, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du, beherengo etapetan bereziki. Haur Hezkuntzan, % 1,21eko beherakada izan du 0-2 urteko etapan, eta % 5,51koa 3-5 urtekoen artean, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, % 1,98 gutxiago izango dira aurten. Bai DBHn, bai Batxilergoan, kopuru orokorrek igoera txikiak izan dituzte ikasleen kopuruan.
Sarea eta hizkuntza ereduak
Seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen duten sareari dagokionez -sare publikoa edo sare itundu-pribatua-, hautu hori aurreko urteetakoaren parekoa da, eta erdiek baino gehiagok egiten duten publikoaren aldeko hautua. Familien % 51,1ek sare horren alde egiten du, eta % 48,9k pribatu edo itunduaren alde.
Hizkuntza-ereduei dagokienez ere, azken urteetako joerari eusten zaio: D eredua da gehien eskatzen dena ikasleen guztizkoaren artean, eta gora egiten du Haur Hezkuntzan: 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,5 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin tartean, ikasleen % 82,4 daude D ereduan; B ereduan % 15,1; eta A ereduan, berriz, % 2,4.
Lanbide Heziketan, azken urteetan gertatzen ari den bezala, ikasleen kopuruan igoera ikus daiteke (% 2,27). Baina kontuan izan behar da Lanbide Heziketako matrikulazio-aldia ekainaren erdialdera arte irekita dagoela, eta, beraz, igoera hori are handiagoa izan daiteke oraindik.
Figura berriak
Bere hitzaldian, Bildarratz sailburuak azpimarratu du ikasturte honetan "hezkuntzaz, pedagogiaz eta edukiez hitz egingo dugula gehiago, ez hainbeste Covid-ari buruz". Eta ekitaldia baliatu du hezkuntzako profesional guztiei pandemia garai honetan erakutsi duten konpromisoa eta egin duten lana eskertzeko. "Gure gizartea zorretan dago zuekin", esan du.
Horrela bada, nabarmendu du, ikasturte hasiera honetan covid egoera oso bestelakoa den arren, Hezkuntza Sailak baliabide gehigarriak mantentzearen aldeko apustu irmoa egin duela. Baliabide hauek hezkuntzaren kalitatea hobetzera eta berrikuntzara bideratuko dira orain. Horregatik, ikasturte berri honetan ikastetxe publiko guztiek figura berri bat estreinatuko dutela gogoratu du, Berrikuntza arduraduna, eta gainera, orientatzaileen kopurua ere nabarmen handitu dela esan du.
Ikasturte honetan curriculum berriak ezartzen hasiko dira etapa bakoitzeko maila bakoitietan. Gai horri dagokionez, Bildarratzek azpimarratu du konpetentzien araberako ikaskuntzak eta ikasleen etengabeko ebaluazioak protagonismo handiagoa hartuko dutela eskoletan, "hezkuntza gero eta pertsonalizatuago bateranzko bidean aurrera eginez", ikasle bakoitzak bere hezkuntza-maila gorena lortzeko helburuz.
"Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea"
Euskal Hezkuntza Lege berriari dagokionez, Bildarratz sailburuak adierazi du Hezkuntza Saila testu artikulatu bat lantzen ari dela, joan den apirilean Legebiltzarrean lortutako akordioaren edukia eta espirituari eusten diena. Lege-proiektua datozen hilabeteetan Gobernu Kontseiluan onartu eta Legebiltzarrera bidaltzeko aurreikuspena egiten du Hezkuntza Sailak.
Tramitazio horrek aurrera egiten duen bitartean, Sailak hezkuntza-araudi berriak bultzatzen jarraitzen du, aipatutako akordioak ezarritako ispirituari jarraituz. Arau horien bidez jauzi kualitatiboa egin nahi da, 2023-2024 ikasturteari begira, plangintzan, antolaketan, ikasleak onartzeko prozesuan eta zuzendaritza-taldeak ahalduntzearen aldeko apustuan.
Bildarratzen esanetan, prozesu horrek eta hobekuntza guztiek hezkuntza komunitatearekin burutu beharreko etengabeko elkarlana eskatzen dute, "lan horizontala". Horregatik, baieztatu du hasi berri den ikasturte hau "Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea" dela.
Zure interesekoa izan daiteke
El Bocaleko pasaguneko ezbeharra gertatu aurretik, Poliziak 112ra deitzeko protokolorik zuen ala ez ikertzen ari da epailea
Agintariak, agenteak eta teknikariak deituko ditu deklaratzera, eta ikerketa-lerro bat abiatu du, materialen eta pasabidearen mantentze-lanen inguruan.
Erreskate ugari izan dira Aste Santuan euskal kostaldean
Jai egunak lausotzetik gertu izan diren egoerak bizi izan dira egunotan, eta erreskate ugari egin behar izan dira itsasoan, bai marearen igoerak ezustean harrapatu dituen pertsonenak, bai korronteek arrastan eramandako edo olatuek harrapatutako pertsonenak. Zorionez, ez da biktimarik izan.
25 eta 28 urteko bi gizon atxilotu dituzte Gasteizen, bikotekideari eta bikotekide ohiari eraso egitea egotzita
Gasteizko Udaltzaingoak pasa den ostegunean eta ostiralean egin zituen atxiloketak, astearte honetan jakitera eman duenez.
Martinezek esan du garrantzi handikoa dela ohitura osasungarriak izatea, osasunari eragiten dioten faktoreen % 50 baitira
Osasun sailburuak ariketa fisikoa egitera, elikadura zaintzera eta alkohol eta kalamu kontsumoa murriztera animatu ditu herritarrak, Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta.
Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan
Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Bizkaitik Nafarroara droga eramaten zuen gaizkile sare bat desegin dute: lau lagun atxilotu eta 22 kilo speed atzeman dituzte
Ortuellako etxebizitza batetik Nafarroara banatzen zen, eta droga 76 urteko gizon batek garraiatzen zuen.
Manifestazioa deitu dute arratsalderako Berrizen, asteleheneko eraso matxista larria salatzeko
48 urteko gizonezkoa emaztea hiltzen saiatu zen Berrizen, eta emakumea helikopteroz eraman zuten Gurutzetako Ospitalera. Atxilotuak polizia-etxean jarraitzen du, epailearen aurrean deklaratzeko zain. Bestalde, Berangoko Udalak deituta, elkarretaratzea egingo dute arratsaldean Amaiaren hilketa salatzeko. Apirilaren 1ean bikotekideak hil omen zuen, Basaurin, baina berangoztarra zen.
Gipuzkoako hainbat garajetan eta trastelekutan ustez lapurretak egin dituen gaizkile talde bat desegin dute
Batez ere, Goierri inguruan egin dituzte lapurretak. Ertzaintzak dei egin die lapurreta horien biktima izan diren herritarrei, Beasaingo komisariara joan daitezen, euren objektuak han dauden egiaztatzera.
Ia 30 graduko tenperaturarekin, uda itxura hartu du Pazko astelehenak
Ezohiko itxura hartu du Pazko astelehenak. Eguraldi beroak hondartzak eta kaleak jendez gainezka utzi ditu. Hotelen betetze-maila % 80-90 ingurukoa izan da Aste Santuan.
Gasteizek lotura zuzena izango du Kanaria Handiarekin ekainaren 15etik irailaren amaiera arte
VIA sozietatearen esleipena lortu ondoren, Binter airelineak astelehen eta ostegunetan jardungo du Forondan. Ibilbide horri esker, Kanarietako artxipelagoko beste aireportuekin lotura egin ahal izango da, bai eta Portugalgo eta Afrika mendebaldeko beste aireportu batzuekin ere.