Suhiltzaileek alertan jarraitzen dute Berangon, haize aurreikuspenen ondorioz
Ostiralean Bizkaian piztutako hiru baso suteak 16:00ak aldera geratu dira itzalita, 55-70 hektarea kiskali ostean. Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu dira, eta lehorreko taldeek eremuetako ingurua freskatzen eta zaintza lanak egiten jarraitzen dute, berpiztea saihesteko.
Dena dela, Berangon kezkatuta daude oraindik suhiltzaileak, hurrengo orduetarako aurreikusten diren haize bortitzak direla eta.
Azken egunetan, tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago; bada, testuinguru horretan piztu dira hiru suteak. Itzaltze lanetan, hegazkin anfibioak ibili dira, eta lehorrean ehun langile baino gehiago. Egoera hauetarako prest zeuden behargin guztiak mobilizatu egin dituzte.
Arratsaldeko lehen orduan amaitu egin da Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko aire baliabideen lana. Sute handienean izan dira, alegia, Berangokoan; 16:00ak aldera eman dute itzalitzat hori.
Lehen sutea 3:40 aldera hasi da, Arbaltzagan, Zugaztietan, Trapagaran udalerrian. Garrak Kurutzagarantz joan dira, eta Galdameserako bidean hedatu dira; azkenean, baina, ez da hiriguneetara gerturatu.
25-30 hektarea kiskali ditu suak, eta 13.30 aldera itzali dute. Bizkaiko parkeetako suhiltzaileak ibili dira lanean (Urioste, Iurreta eta Basauri), bai eta Mendi Zerbitzuko eta Basalango teknikariak ere.
Hiru orduren buruan, 6:50 aldera, Berangoko sutea hasi da, Unbe mendiko magalean; toki horretan, 2015ean, beste sute batek triskantza egin zuen, Sopelaraino.
Oraingoan, sutea ez da hiriguneetara hurbildu; hala ere, arriskurik saihesteko, zortzi etxebizitzetako bizilagunak atera dituzte etxetik. Hain zuzen, etxe familiabakar batzuk eta Sustatxa Bideko hainbat baserri hustu dituzte. Sopelako etxe batzuk ere hustu egin dituzte.
Unbeko errepidea itxita izan da, arratsaldera arte. Berangon, mendiko 30-40 hektarea erre dira, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuko buruak kalkulatu duenez.
Bizkaiko Suhiltzaileak, Bilboko Udalekoak eta Arabakoak izan dira itzaltze lanetan; baso taldeak, udaltzainak eta Ertzaintza ere ibili dira. Ricardo Ituarte Larrialdietako zuzendariak koordinatu ditu lanak, bertan ezarritako Aginte Postuan.
Gainera, Espainiako Gobernuak, euskal erakundeek hala eskatuta, bi hegazkin anfibio bidali ditu. Goizean iritsi dira biak, eta hainbat bidaia egin dituzte Getxora, Galeara, ura hartzeko, gero suaren gainean botatze aldera.
Aire deskarga horiek oso eraginkorrak izan dira, eta lehorrean, gainera, makina astunak baliatu dituzte, sua ainguratzeko eta horrek aurrera egin ez zezan.
9:00ak aldera, hirugarren sutea piztu da, Larrondon, Loiun. Bertan, 1.000 bat metro koadro erre dira, eta Txorierriko igarobideko zirkulazioari eragin dio.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1. egoeran jarri du Euskadiko Baso Suteen Plana. Aurreikusita dago haizea zakar ibiltzea ostiral arratsaldean eta larunbatean; Bizkaian, sutea egoteko arriskuagatik, alerta laranjan dago.
Duela egun batzuk, igandean, baso sute handia piztu zen Balmasedan. Astearte arratsaldean itzali zuten, eta 441 hektarea kiskali zituen. Bizkaian azken 33 urteetan izandako handiena izan da.
Zure interesekoa izan daiteke
Riglosko sutea "datozen orduetan" kontrolatuko dute
Ostiral honetan, sua kontrolatutzat emateko falta diren gune beroak itzaltzen saiatuko dira, eta Santa Cruz de la Serosko bizilagunak, aterperik gabe zeuden bakarrak, etxera itzuli ahal izango dira.
Bilboko Aste Nagusian galdu ezin diren 5 ekitaldi
Bost plan proposatzen dizkizugu Bilboko Aste Nagusiaz gozatzeko. Galdu ezin dituzun ekitaldiak dira: pregoia eta jaien hasierako txupinaren jaurtiketa, txosnak, lehiaketa gastronomikoak edo balearen ohiko desfilea
Bilboko Aste Nagusiko lehen kartela, 1978an sortua, egia bihurtuko da igande honetan
Ekitaldia Areatzan egingo da, eta zapi urdinak banatuko dituzte bertan, urte hartan jaien ikur gisa zabaldu baitziren.
Herritarrak konfinatu dituzte Pasaiako portuan piztutako sute baten ondorioz sortutako keagatik
Pasaiako portuan izandako sute batek eragindako keak Lezo eta inguruko biztanleei eragin diezaieke, eta, ondorioz, larrialdi zerbitzuek ES-Alert bat bidali dute bizilagunei konfinatzea eskatzeko.
Berehalako trafiko-kontrolak ezarri dituzte Oiartzunen eta Irunen, hirigunean zirkulazio-arazoak saihesteko
Ertzaintzak Oiartzungo landa-bideetako sarbideak zainduko ditu bereziki, mugan harrapatutako ibilgailuek ordezko bideak erabil ez ditzaten. Irunen, Udaltzaingoak iragazkiak ezarriko ditu, igarobideko trafikoak hirigunea kolapsatu ez dezan. Ostegun honetan, 10 kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira Biriatun, Baionarako noranzkoan.
Hamar urteko mutiko bat hil da Burlatako etxebizitza batean izandako sutearen ondorioz
Sua hartu duen eraikineko hirugarren solairuko leihoetako batetik erori da eta ospitalera eraman dute, larri, kolpe ugarirekin.
14 dira Donostiako gozoki-saltzailearen sexu-erasoen biktimak
Ertzaintza 6 urteko epea ikertzen ari da, salatutako gertakarietako batzuk 2020koak baitira. Ustezko egilea behin behineko espetxealdian dago uztailaren hasieratik.
Anboto mendian 30 metroko altueratik erori ostean erreskatatutako 18 urteko emakume bat hil da
Istripua atzo, asteazkena, gertatu zen. Bi lekukok eman zuten abisua, gailurraren iparraldean biktima bihotz-arnasketako geldialdian zegoen bitartean, haren ondoan laguntza eske oihuka ari zen mutil bat prismatikoekin ikusi ostean. Gaur hil da gaztea, Gurutzetako ospitalean.
Urzainkiko suteak aktibo jarraitzen du, eta garrak perimetratzea da orain lehentasuna
Iñaki Elias Nafarroako suhiltzaileen buruak esan duenez, ez dago arriskurik herritarrentzat, baina eremu oso malkartsua izateak asko zailtzen ditu sua itzaltzeko lanak. Azken orduetan 4x4 ibilgailuentzako eta mangerentzako bideak irekitzea lortu dute, eta, horri esker, errazago heldu ahal izango diote suari, lurrez; airez, zortzi helikoptero ari dira lanean.
Enpresen iruzurrerako sare bat desegin dute Bilbon eta Castron
Guardia Zibilak bost pertsona atxilotu ditu talde kriminaleko kide izatea, iruzur egitea, dirua zuritzea, dokumentuak faltsutzea eta egoera zibila usurpatzea egotzita.