Larunbat gauerdian amaituko da baso sute arriskuaren alerta
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak larunbat gauerdian utziko du bertan behera baso sute arriskuagatik ezarritako alerta laranja. Dena den, abisu horiak igandean jarraituko du hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik.
Larunbatean, oraindik alerta laranja ezarrita egongo da, beraz, murrizketekin jarraituko dugu Kantauri isurialdean. Mediterraneo isurialdean, berriz, abisu horira mugatuko da baso sute arriskua.
Suak triskantza handiak egin ditu azken egunotan Bizkaian, Balmasedan, Berangon eta Zugaztietan, besteak beste. Hain zuzen ere, igandean, hilak 23, Balmasedan piztu zen sute bat, eta lurraldeko 441 hektarea kaltetu ditu: Arbalizako 426 hektarea kiskali ziren, eta Zallako Herrerako beste 15. 1989tik hona, Bizkaian izan den suterik handiena izan da. Aldundiak ezohikotzat jo du sute hori, kontuan izanik portaera oso bortitza eta larria izan duela. Astearte arratsaldean itzali zuten.
Hiru egunen buruan, ostiralean, beste hiru baso sute izan dira Bizkaian: Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu dira. Berangokoa izan da larriena; bertan, Unbe mendian, mendiko 30-40 hektarea erre dira. Zugaztietan, aldiz, 25-30 hektarea kiskali ditu suak; Larrondon, 1.000 bat metro koadro erre dira.
Azken egunetan, tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago; bada, testuinguru horretan piztu dira hiru suteak.
Bestalde, larunbatean, abisu horia egongo da itsasoan enbatagatik, 17:00etatik 20:00etara.
Zure interesekoa izan daiteke
Uholdeak Bilboko Alde Zaharrean, eta Artatzako errepidea itxita Leioan
Euriteek uholdeak eragin dituzte Bilboko Zazpikaleetan eta Artatzako errepidea itxita dago
Bi gizon atxilotu dituzte Iruñean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita
Manifestazio jendetsua egin dute Santurtzin Anderrentzat justizia eta erreparazioa eskatzeko
Ehunka lagun kalera atera dira Euskadin eta Nafarroan, etxebizitzaren negozioaren aurka
Etxebizitzaren aldeko protesta dozenaka hiritara zabaldu da, greba orokorrari begira
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko