Poliziaren esku jarraitzen du Santurtzin bikotekidea hiltzen saiatzeagatik atxilotutako gizonezkoak
Bikotekidea labana batekin hiltzen saiatzea egotzita, Santurtzin, atzo, igandea, atxilotutako 37 urteko gizonezkoak Ertzaintzaren esku jarraitzen du, epailearen aurrera noiz eramango zain.
Santurtziko etxebizitza batean izan zen erasoa atzo goizean. Ertzaintzak jakitera eman zuenez, erasotzaileak hainbat zauri egin zizkion lepoan eta besoetako batean emakumeari labana batekin, eta leihotik behera botatzearekin mehatxu egin zion. Biktima Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, larri zaurituta.
Bere aldetik, Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gaur erasoa gaitzetsi du, talde guztiek aho batez onartu duten ohar baten bidez. Adierazi dute erasoek herri horretan ez dutela lekurik.
Halaber, elkarretaratze isila deitu dute 12:00etarako, Udalaren atarian, eta dozenaka herritarrek hartu dute parte.
"Santurtzin eraso matxistarik ez!" leloa zuen pankartari eusten, besteak beste, Aintzane Urkijo Santurtziko alkatea eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria egon dira.
Azken horren hitzetan, herritarrek eta erakundeek elkarrekin eman behar diote erantzuna indarkeria matxistari. Prebentzioan eta sentsibilizazioan jarri du azpimarra, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko. "Erakundeek egitura oso zabalak ditugu, baina prebentzioa eta sentsibilizazioa dira garrantzitsuenak jarrera matxistak ekiditeko. Eraldaketa soziala behar da halako elkarretaratzeen beharrik ez izateko", esan du.
Ildo beretik mintzatu da Urkijo ere. Haren arabera, indarkeria mota guztiak salatzeko lanean jarraituko dute Udalean, indarkeria hori datorren lekutik datorrela.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda