"Balkoietara itzultzeko" deia egin dute astelehenerako, "osasungintza publiko baten alde"
Azken orduetan, bolo-bolo dabil sare sozialetan herritarrei "balkoietara itzultzeko" deia egiten dien mezu bat. Pandemian egin bezala, osasun langileei elkartasuna adierazteko, 20:00etan txalo jotzera ateratzeko deia egin dute, Osakidetzako krisia salatzeko.
"Pandemian osasungintzako langileak txalotzen genituen bitartean, kudeaketa oso txarra izan zen. Bi urte beranduago, egoera lotsagarria da: lehen arreta kolapsatuta, itxaron-zerrenda amaigabeak, Basurtuko kardiologia itxi nahi dute, eta Donostia Ospitaleko zuzendaritza osoa kargugabetu dute" salatzen du mezuak.
"Ezin diegu Osasungintza publikoa desmantelatzen utzi. Oinarrizko eskubidea da, eta bere defentsa ez dagokio soilik osasungintzako langileei. Denoi dagokigu konpromisoa hartzea. Zaintzen gaituzten Osakidetzako langileekin gaudela esateko, balkoi eta leihoetara itzultzeko unea da" amaitzen da mezua.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak