Atzera bota dute Manadako bost zigortuetako bati kartzela-zigorra murriztea
Kartzelaldia murrizteko Manadako bost zigortuetako batek egindako eskaria atzera bota du Nafarroako Lurralde Auzitegiak. "Bai bakarrik da bai" legea aintzat hartuta, Angel Bozak —2016ko sanferminetan taldean neska bat bortxatu zuenetako batek—, Auzitegi Gorenak ezarritako 15 urteko espetxe-zigorra 13 urte eta 9 hilabetera jaistea eskatu zuen, joan den azaroan.
Gaur kaleratutako autoan, magistratuek argudiatu dute legearen azken moldaketa kontuan hartuta ere, 15 urteko kartzela ezartzea egokia dela. Erabakia arrazoitzeko, Auzitegi Gorenaren epaia ekarri dute gogora, bortxaketa jarraituaren delituan azpimarra jarriz. Bai fiskaltza eta baita biktimaren defentsa ere zigorra berrikustearen kontra agertu ziren. Orain, azken ebazpen horren auka helegitea jartzeko aukera zabalik dago, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
Auzitegi Gorenak, 2019an, bortxaketa jarraitua egotzita zigortu zuen Boza, tratu iraingarria ematea eta taldean aritzea larrigarri gisa hartuta. Bere epaian, Gorenak ondorioztatu zuen "gertakariak oso larriak" izan zirela eta auzipetuek erakutsitako "jarrerak" areagotu egiten duela euren "erruduntasuna". Hori dela eta, zigorra legeak aurreikusitakoaren gainetik ezartzea "justifikatuta" dagoela zehaztu zuen. Ildo horretan, Gorenak "erasotzaileen parte-hartzea banan-banan aztertuta egin zuen lan xehea" nabarmendu du Nafarroako Lurralde Auzitegiak.
Hain zuzen, zigorren murrizketen harira piztu den polemika dela eta, Sexu Askatasunerako Legearen erreforma gaur erregistratu du PSOEk Kongresuan, gobernukide duen Unidas Podemosekin akordioa itxi gabe.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak