Zerain, 2023ko Landa Turismoaren Hiriburua izateko finalisten artean
Gipuzkoako Zerain herria aukeratu dute Landa Turismoaren Hiriburuaren zazpigarren edizioko hamar udalerri finalisten artean. Landa turismoko ostatuen erreserben plataformak antolatutako ekimena da.
Finalisten izendapen ofiziala datorren ostiralean, hilak 24, egingo da, 16:00etan, Bartzelonako B-Travel turismo aretoan. Antolatzaileek ohar baten bidez azaldu dutenez, hautatuek sari bana jasoko dute.
Landa Turismoaren Hiriburuaren VII. edizioaren irabazlearen berri apirilaren 27an emango dute. Herri bozketaren bidez aukeratuko da, eta bozka apirilaren 24ra arte eman ahal izango da.
Gipuzkoako bihotzean, Aizkorriren magalean, kokatutako Goierri eskualdeko herri hau aitzindaria izan zen landa turismoaren garapenean. Herriak Museo Etnografiko bat eta artisau produktuen denda bat ditu, besteak beste. Era berean, Erdi Aroko espetxe zahar bat eta zerrategi hidrauliko bat zaharberritu eta egokitu dituzte bisitatzeko. Zerrategi hori asteburuetan eta jaiegunetan jarri ohi da martxan.