Hezkuntza legeari buruzko eztabaida "ika-mika politikotik at" uzteko eskatu die Bildarratzek alderdiei
"Kritikak ezustean harrapatu ninduen, baina ez diot garrantzi berezirik eman nahi, ezta kendu ere". Hitzokin erantzun du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak PSE-EEk atzo, Hezkuntza legearen proiektua onartu berritan, egindako kritikei buruz galdetuta. Hedabideetara igorritako ohar batean sozialistek esan zutenez, onartutako testuak "ez die ezarritako helburuei erantzuten". Ezadostasun horren berririk ez duela orain arte izan aitortu du sailburuak.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan polemikan sartu nahi gabe eman dituen azalpenen arabera, testuak "2022ko apirilaren 7ko espirituari bere osotasunean eusten dio". "Eusko Jaurlaritzak mandatu bat jaso zuen, eta guk erabat leial jokatu dugu. Iaz adostutako testuaren ildo guztiak errespetatu dira, testua oso antzekoa da, eta bere horretan itzuli diogu Eusko Legebiltzarrari", zehaztu du.
Udal eta foru hauteskundeetako kanpaina ate-joka den honetan, Hezkuntza Legeari buruzko eztabaida ika-mika edota liskar politikotik at uzteko eskatu die Bildarratzek alderdi politikoei. Orain arte bezala "elkarrekin lan egiten jarraitzeko eskatzen diet", erantsi du. Horren hitzetan, "oso garrantzitsua" da "familiei lasaitasun mezu bat" helaraztea.
Hezkuntza ereduei buruz, berriz, berretsi du ez dela aldaketarik egongo, eta alderdiekin adostutako hasierako testuan jasotakoa beteko dela. Zentzu horretan, hiru puntu azpimarratu ditu: familiek nahi duten eredua aukeratu ahal izango dute, eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua landuko du tokiko egoera soziolinguistikoaren arabera eta ikasketa prozesuaren amaierarako hizkuntza helburu zehatzak ezarri dira.
Azkenik, sailburuak adierazi du eskola publikoak "lehentasun osoa" izango duela, eta kontrakoa esatea "eslogan bat besterik ez da".
Zure interesekoa izan daiteke
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak