Emergentzia kimikoak. Noiz sortu daitezke? Nola jokatu?
Hernanin, Muskizen, Santurtzin, Lantaronen, Zierbenan eta Abanto-Zierbenan sirena bereziak entzuten ari dira egunotan. Herritarrei emergentzia kimiko bat gertatu dela edota emergentzia hori amaitu dela jakinarazten dieten soinuak dira.
Herri horietan guztietan, enpresa kimikoak daude; alegia, eguneroko bizitzan beharrezkoak ditugun produktu kimikoak sortu, pilatu edo garraiatzen dituzten enpresak. Erregaiak, kloroa edo substantzia desinfektatzaileak dira horietako batzuk. Faktoria horien inguruetan bizi diren herritarrek larrialdi abisuak ematen dituzten soinu seinaleak ezagutu behar dituzte, baita emergentziaren bat gertatzen denean nola jokatu behar duten jakin ere.
Gure inguruan dauden enpresetan gerta daitezkeen istripuek suteak, leherketak, ingurugiroarentzat arriskutsuak diren isuriak edota airera substantzia toxikoak isurtzea eragin dezakete. Horrelako gertakari batek eragin kaltegarriak izango lituzke gertuen daudenen osasunean: hazkurak, narritadurak, erredurak azalean eta begietan eta arnasa hartzeko arazoak.