Marokoko lurrikarak kaltetutakoentzat laguntza jasotzeko guneak, Bilbo, Ermua eta Errenterian
Atzo, asteartea, Bilboko komunitate marokoarrak material bilketa jarri zuen martxan, joan den ostiraleko lurrikarak astindu zuen eremura bidaltzeko. Lurrikarak Atlas Garaia (Maroko) astindu zuen joan den asteburuan, eta milaka kaltetu eta gutxienez 2.900 hildako uzti ditu.
Bilketa-gunea Bizkaiko hiriburuko Karmela espazioan jarri dute, Fika kaleko 44. zenbakian. Ekimenaren sustatzaileetako batek eitb.eus-i azaldu dionez, bilketak "astebete iraungo du gutxi gorabehera", helburua lurrikarak suntsitutako eremura laguntza lehenbailehen bidaltzea baita.
Iturri berak zehaztu duenez, laguntza humanitarioa herrialdeko elkarteen bidez bideratuko da, eta zuzenean banatuko da lurrikarako biktimen artean, kaltetutako eremuan.
Bilketaren antolatzaileen arabera, laguntza eraginkorra izateko elementurik beharrezkoenak sendagaiak dira (ibuprofenoa, parazetamola, betadine, alkohola, gaza esterilak, bendajeak, ur oxigenatua...); umeentzako pixoihalak, konpresak, biberoiak eta esne hautsa; heldu eta adingabeentzako barruko arropa eta berokiak; kanpin-dendak, lotarako zakuak, mantak, sabanak, eskuoihalak, burkoak eta linternak pilekin edo kandelak; zabor-poltsak eta gelak. Elikagaiei dagokienez, ontziratutako produktuak, pasta edo kafea behar dira.
Antzeko ekimen bat jarriko da abian bihar, osteguna, Ermuan (Bizkaia). Kasu horretan, bilketa-gunea Bizkaiko udalerriko azokako plazan egongo da, eta hiru eguneko iraupena izango du. Horrela, Bilketa-gunea zabalik egongo da ostegunean eta ostiralean 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara. Antolatzaileek ohartarazi dute ez dela dirurik jasoko.
Era berean, Errenteriako (Gipuzkoa) marokoarren komunitateak arropa eta diru bilketa antolatu du ostiralerako. 18:00etatik 21:00etara izango dira elkartasun keinua egin nahi dutenen zain Iztietako meskitan (Oiartzun kalea, 12).
Zure interesekoa izan daiteke
Trafikoa bere horretara itzuli da AP-8an, Iurretan, sei ibilgailuren arteko istripuak auto-ilara luzeak sortu ostean
Artxandako tuneletako Salbe-Txorierri tartearen itxieragatik aldaketak izango dituzten Bizkaibusen lineak
Menopausiarako terapia hormonala (MTH): segurua eta egokia da emakume guztientzat?
Adin txikikoak dituen Donostiako familia baten etxegabetzea aldi baterako geldiarazi dute
Gizon bat espetxeratuko dute Iruñean, bikotekide ohiari sexu-erasoa eta mehatxuak egitea egotzita
Dei komertzialak egiteko telefonoak 400 zenbakiaz hasiko dira larunbatetik aurrera
Polizia manifestarien aurka oldartu da eta bost lagun atxilotu dituzte Madrilen, hezkuntza grebaren lehen egunean
Martxoaren 3ko biktimen erreparaziorako bidea ireki du Arabako Fiskaltzak
Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea