Akusatuak esan du gizonarekin geratu eta zorabiatzen saiatu zela, lapurreta egiteko, baina ez zuela hil nahi
Hitzorduak egiteko aplikazio baten bidez gizon bat ezagutu eta hura hiltzen saiatzeaz akusatutako gizonaren aurkako epaiketa astelehen honetan abiatu da Bizkaiko Auzitegian, eta, akusatuak bertan adierazi duenez, "bulkada batean" eraso egin zion biktimari, baina, "zer egiten ari zen" konturatu zenean, "gelditu" eta "ihes" egin zuen. Akusatuak bere abokatuaren galderei bakarrik erantzun die.
"Besarkada soil batez nola zorabiatu azaldu zidaten. Nik ez dut horren berririk, ez dut sekula egin", adierazi du akusatuak. Hilketa saiakera egotzita epaitzen ari dira gizonezkoa, baina Bilbon izandako antzeko beste kasu batzuekin ere lotzen dute.
Saioan adierazi duenez, ihesi atera ondoren, etxera itzuli zen, oinutsik eta mugikorrik gabe alde egin zuelako, eta biktima oihuka hasi zen orduan. Une horretan, sarreran zegoen figura batez kolpatu zuen biktima.
2021eko abenduaren 17an Bilboko Zazpikaleetan jazo zen erasoa erapitzen ari dira. Ustez, hitzorduak egiteko erabiltzen den aplikazio baten bitartez geratu ziren akusatua eta biktima, elkartzeko. Fiskaltzaren arabera, ustezko erasotzailea biktima itotzen saiatu zen, baina. indarka aritu ostean, biktimak etxetik ihes egitea eta laguntza eskatzea lortu zuen, zaurituta zegoen arren. Hori dela eta, fiskalak 9 urteko kartzela-zigorra eskatuko du akusatuarentzat.
Gehitu elkarteak (herri-akusazioa osatuko du) 17 urte, 11 hilabete eta 29 eguneko kartzela-zigorra eskatuko du, hilketa saiakeraz gain, lesio delitua ere badagoela uste baitu. Gainera, erasoa sexu diskriminazioagatik egin izana astungarritzat hartzeko eskatuko du.
Akusatua 2022ko maiatzean atxilotu zuten, horrelako beste kasu batzuekin lotuta. Hain zuzen ere, Bilbon izandako beste hiru hilketarekin zerikusia duela uste dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda