Zirkulazioa bere onera etorri da Txorierrin, hainbat orduko kaosaren ostean
Txorierriko igarobidean (N-637) ohi bezalakoa da jada zirkulazioa, 10:45etik, amaitu dira-eta bi kamioiren arteko istripuak eragindako ilara luzeak.
Ezbeharra 06:20an izan da, Lezama parean eta Galdakaoko noranzkoan. Hasiera batean, errepidea guztiz itxi behar izan dute, eta ibilgailuak BI-737 errepidetik bideratu dituzte. Handik gutxira, 07:50 inguruan, erreietako bat zabaldu dute. Dena dela, horrek ez du saihestu pilaketak sortzea, eta 8 kilometrorainokoak izan dira.
Azkenean, 10:45 aldera, istripua izan duten bi ibilgailu astunak bidetik kendu dituzte garabiak erabiliz, eta errepidea garbitu dute langileek. Ordutik, ohikoa bezalakoa da ibilgailuen joan-etorria.
Istripuan kamioi gidarietako bat zauritu da, eta ospitalera eraman dute.
Ez da honakoa EAEko errepideetan gaur goizean gertatutako istripu bakarra. A-1ean, Armiñonen, hiru ibilgailuk ezbeharra izan dute, eta han ere pilaketak sortu dira. Bestalde, A-8an, Malmasin parean (Basauri) eta Donostiarako noranzkoan, kamioi bat matxuratu da, eta ilarak sortu dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko
Euriteek alerta egoeran izango dute Mediterraneoa asteburuan, hainbat abisu aktibo baitaude
Milaka pertsona kalera atera dira etxebizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzera
Juntsen ezezkoak tentsioa areagotu du Solen, eta etxebizitzaren aldeko plataformek greba orokorra dute hizpide
Euskal Herrian urriaz gozatzeko 10 plan. Zein duzu gogoko?
Alerta euriagatik penintsulako ekialdean, 150 l/m² baino gehiagorekin Castellon