Trafikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Motor gidari bat hil da N-1ean, Ordizian, istripuan

Zorigaiztoko ezbeharra bart izan da, 21:30ean. Gasteizera bidean zihoan motorra bidetik irten da, eta segurtasun hesia jo du. 48 urteko gizonezkoa da zendutakoa. Lau egunean, EAEko errepideetan hildako laugarren pertsona da, hirugarren motozalea.

Motor gidari bat hil da bart N-1ean, Ordizian (Gipuzkoa), izandako trafiko istripu batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Lau egunean EAEko errepideetan hildako laugarren pertsona da, hirugarren motozalea.

Ezbeharra bart jazo da, 21:30ean eta aipatu errepidearen 420,8 kilometro puntuan. Argitu gabeko arrazoiak tarteko, Gasteizera bidean zihoan motorra bidetik irten da, eta segurtasun hesiaren kontra egin du. 

Gidaria, 48 urteko gizonezkoa, bertan hil da, bertaratutako osasun zerbitzuak suspertzen saiatu badira ere. 

Istripua tarteko, eta motorra bidetik kendu eta galtzada garbitu bitartean, errei bat itxita egon da. Ez da ilararik sortu. 

Gorpua Donostiako Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dute, autopsia egin diezaioten. Ertzaintzak, bestalde, atestatua zabaldu du, ezbeharraren nondik norakoak argitzeko. 

Zure interesekoa izan daiteke

Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Eider Gotxi (Guggenheim Urdaibai Stop): "Herritarron lanari esker lortu da Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera geratzea"

Guggenheim Urdaibai egitasmoa behin betiko bertan behera gelditu eta biharamunean, erakundeen jarrera "zurrun eta inposatzailearen aurrean" herria garaile atera dela azpimarratu du Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren bozeramaileak. Garaipena jai giroan ospatzeko otsailaren 7rako Gernikan antolatu duten ospakizunean parte hartzeko deia egin die herritarrei. Bestalde, Gotxik ohartarazi du plataformaren bidea ez dela bukatzen eta ontziola Muruetatik ateratzea izango dela hurrengo erronka. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Urdaibaiko Guggenheim museoa baztertu dute, proiektua iragarri eta 17 urtera

Bi urteko azterketa eta hamaika eztabaidaren ondoren, Urdaibaiko Guggenheim proiektua baztertzearen erabakia hartu du Patronatuak. Orain hilabete, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu zuen luze joko zuela museoa eraikitzeko lurrak garbitzea, bai eta egitasmoaren aurkako salaketak epaitegietan argitzea ere. Eta kalean proiektuak kritika andana jaso izan du talde ekologisten eta herritarren aldetik.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X