Aske utzi dute ustez ertzain bati pistola lapurtu zion gizona
Atzo epailearen aurretik igaro ostean, epaiketa egin bitartean aske gelditu da ustez ertzain baten etxetik pistola partikular bat lapurtu zuen 19 urteko gizona. Indarkeria matxistagatik dituen aurrekariak tarteko, badaezpadako neurriak jarri dizkio epaileak.
Larunbatetik ihes eginda zegoen gazteak bere burua entregatu zuen atzo arratsaldean Deustuko ertzain etxean. Hala ere, ez dago armaren berririk oraingoz.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 17:00ak aldera agertu zen ertzain etxean, eta berehala atxilotu zuten, indarrez egindako lapurreta eta armak legez kontra edukitzea leporatuta.
Ertzain baten arma partikularra lapurtzea leporatzen diote 19 urteko gizonari. Etxean, motxila baten barruan, zeukan arma agenteak, lapurtu ziotenean.
Gazteak aurrekari larriak ditu indarkeria matxistagatik, eta azken egunetan, bikotekide ohiak zaintza berezia izan du.
Bestalde, Ertzaintzak barne ikerketa martxan jarri du, pistola behar bezala gordeta ote zegoen argitzeko. Izan ere, baimena duen edozeinek izan dezake suzko arma bat etxean, hainbat baldintza beteta.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak