Hiru hegaldi bertan behera eta bost atzeratuta gaur Bilboko Aireportuan, haize gogorra dela-eta
Hegoaldeko haize zakarraren ondorioz, Bilboko Aireportutik goizean goiz atera behar ziren hiru hegaldi bertan behera geratu dira, eta beste bost atzeratu behar izan dituzte.
06:45ean, Madril, Frankfurt eta Amsterdam jomuga zuten hiru hegaldi irten behar ziren, baina, esan bezala, ez dira aireratu. Horrez gain, Londresera, Zurichera, Sevillara eta Malagara doazen hegaldiak beranduago atera dira.
Atzo eragina handiagoa izan zen; izan ere, 41 hegaldi bertan behera geratu ziren eta 10 beste aireportu batzuetara bideratu behar izan zituzten. Gainera, EAEn, 496 gorabehera izan ziren haizeteen ondorioz.
Gauak aurrera egin ahala, haizea baretzen joan da —03:00ak arte zegoen indarrean abisu horia—, eta 120 km/h-ko langatik jaitsi dira ufadak. Goizaldean, Bizkaian neurtu dituzte bortitzenak, Euskalmetek bere estazioetan bildutako datuen arabera.
Zehazki, Urduñan 111 km/h-ko abiadura hartu du haizeak. Hortik behera, 110 km/h-ko ufadak neurtu dira Matxitxakon (Bermeo) eta 106 km/h-koak Galean (Getxo).
(Informazioa osatzeko lanean ari gara)
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda