Hipotesi nagusiaren arabera, istripuz jausi zen 11 hilabeteko haurtxoa 5. solairutik behera Gasteizen
Zorigaiztoko istripua. Hipotesi nagusiaren arabera, horixe gertatu zen atzo arratsaldean Gasteizen, Salburua auzoan. 11 hilabeteko haurtxo bat larri zauritu zen etxebizitza bateko 5. solairutik behera amilduta.
Gertakaria jazo eta berehala, Txagorritxuko erietxera eraman zuten, baina goizaldean Gurutzetako Ospitalera eraman dute, Pediatriako zainketa berezien unitatea baitute bertan. Larri dago, baina egonkor.
Bestalde, umetxoaren aita aske geratu da goizaldean. Gasteizko Udaltzaingoak gertakaria jazo eta gutxira atxilotu zuen, baina epailearen aurrera eraman arte libre uztea ebatzi dute. Gurasoak erietxean artatu behar izan dituzte, antsietate krisiak jota.
Ezbeharra ostegun arratsaldean gertatu zen, 16:45ean, ikertzen ari diren arrazoiak tarteko. Haurra zabalik zegoen leiho batetik behera jausi zen. Aita-semeak lo geratu omen ziren, eta, dirudienez, adingabea esnatutakoan, leihotik behera jausi zen.