Emakume bat desagertu da Urruñan, eta epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio haren senarrari
Jendarmeriak lekukoen laguntza eskatu du Urruñan (Lapurdi) desagertutako emakume bat aurkitzeko. Jerome Bourrier Baionako fiskalak ikerketa judiziala abiatu du, ustez senarrak egindako hilketagatik. Laure Zacchello, Landetan jaioa, prestakuntzako erizaina da, eta ekainaren 21etik, ostirala, desagertuta dago.
Sud Ouest-ek azaldu duenez, ikertzaileek asteburuan galdekatu zuten gizona. Egunkariaren arabera, "zantzu serio eta sendoak" dituzte, bikotekidearen desagerpenarekin zerikusia izan dezaketela adierazteko. Fiskaltzak astelehenean akusatu zuen, eta epaileak behin-behineko espetxealdia ezarri dio senarrari.
Bourrierrek prentsaurrekoa eskainiko du ostegunean, 15:30ean, ikerketari buruzko xehetasun gehiago emateko. Hipotesi nagusia hilketa bada ere, ikertzaileek ez dute baztertzen emakumea nahita desagertzea.
Ikertzaileak bereziki saiatzen ari dira desagerpenaren salaketaren aurreko egunetan auto baten joan-etorriak zehazteko. Horrela, Suzuki markako 4x4 gorri baten mugimenduei buruzko informazioa bildu nahi dute. Lur orotako ibilgailu hori ikertzaileen esku dago jada.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak