"Bilbo, zu zeu zara Marijaia eta Nagore eta biok, sorgin bi, zure alabak" esanez hasi du Ituñok Aste Nagusia
Urtebete zain egon ondoren, iritsi da eguna. Larunbat honetan, abuztuaren 17an, itzuli da Marijaia Bizkaiko hiriburura, eta hasi da festa.
Milaka pertsona bildu dira Arriagaren aurreko plazan 19:00etan, Marijaiari harrera egiteko eta Itziar Ituñoren pregoia entzuteko. Ituño malkotan atera da balkoira, hunkituta, eta aktore gisa Arriagan aritua dela gogoratu ondoren, balkoitik, ikusle gisa, "ikuskizun ederra" zuela aurrean esan du, "zuri begira liluratuta nago, hunkituta. Herria, ze ederra zaren hemendik ikusita. Bejondeizula Bilbo!" oihukatu du.
Bertso batekin hasi du hitzaldia, eta, ondoren, Bilboko jaien nortasuna aldarrikatu du, "Bilboko Konpartsek auzolanean, 'por amor al arte' urte osoan egiten duten lana" goraipatuz.
Hainbat euskal abestiri erreferentziaz jositako hitzaldi batean, eskerrak eman ditu "zentsuraz eta bazterkeriaz betetako mundu honetan hitza emateagatik". Bilbon jaioa dela gogoratu du, euskaldun berria, langilea, feminista... eta abisu bat ere egin du: "Ez dugu eraso sexistarik onartuko, ez Aste Nagusian, ez inon". Eta txosnetan erasoen kontrako protokoloa aktiba daitekeela nabarmendu du.
Ituñok txosnen lana goraipatu du, eta gogoan izan ditu aurten jartzen utzi ez dituzten Lizarrako txosnak. Gazako genozidioa ere izan du ahotan.
"Denok merezi dugu errespetua, jaiak denonak dira eta mundua ere bai", adierazi du, eta isilik ez egoteko eskatu du. "Altu, libre eta alai" hitz egitera animatu ditu herritarrak, artistek ere "iritzia izateko eskubidea" dutelako, eta adierazpen askatasuna aldarrikatu du, aurren sufritu duen kanpaina gogora ekarrita.
Bilbo "handia, noblea, modernoa, fabrika usaina duena eta mundutik datozen langile berriei irekia" defendatu du, baita Bilbo euskalduna ere, euskara hutsean egindako hitzaldi emotiboan. "Bilbo, atera euskara plazara", gaineratu du.
"Bilbo, zu zeu zara Marijaia eta Nagore eta biok, sorgin bi, zure alabak. Has daitezela jaiak!", eta irrintzi bat elkarrekin eginez bukatu dute pregoia Nagore Ugarte txupinerak eta Itziar Ituñok.
Pregoia irakurri ondoren, Ugartek bota du festari hasiera eman dion txupina.
1.000 ekitaldi baino gehiago
Programazio oparoa antolatu dute Bilboko Udalak zein Konpartsek datozen egunetarako.
Batetik, Bilboko Udalak 500 kultur eta aisialdirako jarduera baino gehiago antolatu ditu, eta, bestetik, Konpartsek itsasadarrari protagonismoa emango dion programazioa ondu dute, 600 jarduera baino gehiago bilduta.
Kontzertuez gain, ekitaldi jendetsuenetako bat Balearen Desfilea izango da, igande honetan, hilaren 18an. Desfilea 19:00etan abiatuko da Plaza Biribiletik, Kale Nagusia zeharkatuko du, Moyua plazara itzuli eta Maria Diaz de Haroko bidegurutzean amaituko da.
Su artifizialak ere izango dira egunero, 22:30ean. Nazioarteko zortzi piroteknia etxek parte hartuko dute: zazpik XXXII. Lehiaketan parte hartuko dute, eta zortzigarrenak, Pirotecnia Valecea konpainia arabarrak, itxiko du programazio piroteknikoa larunbatean, hilaren 24an, erakustaldi batekin. ETBk zuzeneko saio bat eta suak eskainiko ditu gauero.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak