Bi emakume zauritu dira Beran izandako auto-istripuan, bat oso larri
Hondarribiko 50 urteko emakume bat oso larri eta Berriozarko 28 urteko bat larri zauritu dira, beren autoek aurrez aurre talka eginda, Beran.
Ezbeharra 13:00etan jazo da, N-121-A errepideko 68. kilometroan, Bera parean. Emakumeetako bat ibilgailuan harrapatuta geratu da, SOS Nafarroak adierazi duenez.
Biak bakarrik zihoazen beren ibilgailuetan.
Oronozko eta Irungo suhiltzaileak, Lesakako osasun-talde bat, anbulantzia medikalizatu bat eta Osakidetzako anbulantzia medikalizatu bat joan dira istripua izan den tokira.
Hondarribiko emakumea Donostia Ospitalera eraman dute eta Berriozarkoa Bidasoa Irungo Ospitalera.
Istripuaren ondorioz, N-121-A errepideko errei bat moztuta geratu da, Iruñeko noranzkoan, eta horrek auto-pilaketak eragin ditu bi noranzkoetan. 17:30ean etorri da zirkulazioa bere onera.