Sexu-erasoak % 29 igo dira Euskadin 2024an, eta kasuen % 85 argitu dira
2024an Euskadin erregistratutako sexu-erasoak % 29 igo dira aurreko urtearekin alderatuta, Eusko Legebiltzarrean segurtasun publikoari buruz aurkeztutako txostenaren datuen arabera. Gora egin duen arren, kasuen % 85 konpondu dira, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak azpimarratu duenez.
Esan bezala, sexu-erasoak % 29 gehiago izan dira. 2023 urtean % 128 handitu ondoren nabarmen txikitu da. Hiru lurraldeetan antzeko joera dago eta azpimarratu behar da Araban % 42 handitu dela, Bizkaian % 28 eta Gipuzkoan %26. Euskadiko hiru hiriburuetan, horietan gertatzen baitira sexu-erasoen % 50, handitu dira: Gasteizen % 59, Bilbon %48 eta Donostian %4.
Gorakada hori kopuru beltzaren (salatzen ez direnen kopurua) beherakadaren ondorioa izan daiteke, 2022an egindako lege aldaketen ondorioz eta sentsibilizazio-kanpainen ondorioz gizarte kontzientziazioa handiagoa delako.
Guztira, 141.190 arau-hauste penal zenbatu ziren 2024an hau da, % 2ko igoera txiki bat. Erregistratutako delitu gehienak ( % 69) ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako arau-hausteak dira. Delitu presentzialak % 3 igo ziren, eta ziberdelituak, berriz, % 3 jaitsi ziren. Delitu guztien ia bostena dira.
Bide-segurtasunaren arloan, 7.655 zirkulazio-istripu erregistratu ziren, 2023an baino % 2 gutxiago. 2.484 ezbehar izan ziren biktimekin eta 5.171 biktimarik gabe. Errepideko heriotzak % 16 gutxiago izan ziren, baina larri zauritutako pertsonen kopurua apur bat igo zen, % 1.
Ertzaintzaren baliabideen % 80 prebentzio-lanetan erabili ziren, txostenaren arabera. Esparru horretan, 940 dibulgazio-jarduera baino gehiago antolatu ziren ikastetxetan eta beste gune batzuetan, 30.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dutelarik, batez ere gazteak eta kolektibo kaltetuak.
Bestalde, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak 816.975 dei erantzun zituen 112aren bidez, eta 250.000 gorabehera baino gehiago kudeatu zituen. Txostenak Ertzaintzaren, udaltzaingoen, larrialdi-sistemaren, Zibersegurtasunaren Euskal Agentziaren eta Emakunde edo Gurutze Gorria bezalako erakundeen arteko lankidetza ere nabarmentzen du.
Zupiriak azpimarratu duenez, Euskadik segurtasun publikoaren eredu "hurbil, moderno eta integrala" finkatzen jarraitzen du, polizia-eremutik haratago doana eta eguneroko bizitzako espazio guztietara hedatzen dena. "Etengabeko arreta eta erantzun koordinatuak eskatzen ditu", esan du.
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak GKE, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik