Bilboko gizonen ustezko hiltzailearen kasua epaituko dute asteazken honetatik aurrera
Bilboko gizonen ustezko hiltzailearen kasua epaituko dute asteazken honetatik aurrera, 2021eko urriko gertakariak. Hain zuzen ere, Nelson David akusatua homizidio, iruzur eta lapurretagatik epaituko dute.
Telefonoak biktimaren etxean jartzen du Nelson David akusatua, Bilboko Zazpikaleetan bizi zen 43 urteko gizon baten etxean. Akusazioaren arabera, arnasarik gabe utzi eta eragin zion heriotza. Ondoren, biktimaren bankura deitu, klabeak aldatu eta diru-transferentzia agindu zuen.
Akusazioak eta defentsak zehaztuta dituzte estrategia prozesalak. Defentsak frogak falta direla dio, eta akusazioak onartzen du ez dagoela lekukorik ez autopsia erabakigarririk, baina bai errudun dela ebazteko adina zantzu.
39 urteko kartzela-zigorra eskatzen du akusazio partikularrak: 25 hilketagatik, hainbat larrigarrirekin, adibidez, LGTBI kolektiboaren kontrako jarrera diskriminatzailea; 5 urte indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik etxe batean, 3 urte identitate usurpazioagatik eta 6 urte iruzurrengatik.
Fiskaltzak 16 urte eta hiru hilabeteko espetxealdia eskatuko du (homizidioagatik 13 urte, iruzurragatik 3 urte eta lapurretagatik 3 hilabete). Defentsak, ostera, absoluzioa eskatuko du.
Kontaktuen aplikazio batekin adosten zituen hitzorduak, ustez horrela jokatzen zuen Nelson Davidek. Kartzelan dago orain, dagoeneko homizidio saiakera bategatik zigortuta, eta aste honetako epaiketaz gain, beste bost auzi ere zabalik ditu: batean hilketa saiakera egotzi diote, gainerako lauretan, hilketa.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda