Pazientzia izateko eta garraio publikoa erabiltzeko eskatu die Bilboko Udalak bizilagunei finalera begira
Datorren maiatzaren 21ean San Mames futbol zelaian jokatuko den Europako Ligako finala dela eta, prestaketa lanetan murgilduta dago Bilbo, eta bizilagunak hasi dira dagoeneko ekitaldi handi horrek trafikoan izango dituen lehen ondorioak jasaten. Tottenhameko jarraitzaileentzat jarriko duten Fan Zone guneak tokia kendu die Ametzola auzoko aparkalekuei, eta bihartik aurrera Trenbide etorbidean ere izango du horrek eragina.
Bi toki horietan, Gordoniz eta Santiago Brouard kaleen artean, garajeetako sarbideak itxiko dituzte, eta trafikoa mugatuko dute astelehenetik ostiraleko 12:00ak arte. Bihar, gainera, zenbait edukiontzi kenduko dituzte, eta, horrenbestez, zabor bilketan aldaketak izango dira.
"Salbuespenezko egoera" horren aurrean, Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzi Nora Abetek pazientzia eskatu die bilbotarrei, gisa horretako ekitaldi batek dakartzan ondorioen jakitun.
Neurri gisa, ibilgailu pribatua ez erabiltzeko gomendatu die bizilagunei, eta "ahal den heinean garraio publikoaren alde egin dezatela". Gainera, adierazi du egoiliar baimena dutenek Bilbo osoko eremu berdeetan aparkatzeko aukera izango dutela.
Zalantzarik gabe, asteazkenekoa izango da egunik korapilatsuena, hiriko sarbideak, zubiak eta kaleak itxiko dituztelako, eta metroaren, tranbiaren eta Renferen zerbitzuetan ere aldaketak izango direlako.