Gipuzkoako Aldundiak berdintasunean trebatuko ditu langileak, genero arrakala murrizteko helburuarekin
Gipuzkoako Foru Aldundiak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Foru Plana aurkeztu du gaur, 2025etik 2027ra gauzatzekoa, genero arrakala murriztea helburu.
Neurri garrantzitsuenen artean, Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Nerea Isasi Berdintasunerako Organoaren zuzendariak nabarmendu dute epe horretan Genero Berdintasunaren Indizean 75 puntura iristea izango dela helburuetako bat (egun, 74,5ean dago).
Indizea erreferentziarako tresna bat da, eta berdintasun-maila neurtzen du hainbat dimentsio aztertuta, hala nola lana, dirua, denbora, boterea, osasuna eta ezagutza. 2021ean Gipuzkoak 74,5eko puntuazioa zuen, EAEko batez bestekoarekin bat, eta Suediaren (83,9), Danimarkaren (77,8) eta Herbehereen (75,9) atzetik kokatu zuen.
Bestalde, berdintasun politikek aurrekontu orokorrean duten pisua areagotzeko konpromisoa jasotzen du arauak; % 1,5era iritsi arte, hain zuzen ere.
Beste "funtsezko" konpromisoetako bat 2027rako foru langileen %70ek berdintasun-gaietako trebakuntza jasotzea da. Udal-eremuan, berdintasunean espezializatutako teknikariak dituzten udalen kopurua % 40 handitzea aurreikusten da, egungo 17tik 24ra, hain justu.
Erradiografia
Aldundiak jasotako datuen erradiografiaren berri ere eman dute gaurko aurkezpenean, eta horren arabera, emakumeak buru dituzten familiek pobrezia energetikoa jasateko % 64,5 arrisku handiagoa dute; Zaintzarako Prestazio Ekonomikoa jasotzen duten familia inguruneko hamar zaintzailetik zazpi emakumeak dira; kontziliazioaren esparruan, baimen eta lizentzien eskaeren % 91 emakumeek egiten dituzte, eta telelanean ari direnen artean ere gehiengoa dira (% 76).
"Urrats erabakigarria"
Mendozak eta Isasik esan dute "Gipuzkoarentzat urrats erabakigarria" dela "berdintasunarekin konprometitutako erakunde publikoen abangoardian" kokatuko duena.
Aurkezpenean azpimarratu dutenez, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna da lurraldearen ongizatearen eta aurrerapenaren oinarria", eta gehitu dute Gipuzkoa ezin dela "eremu horretan gelditu".
Zure interesekoa izan daiteke
Menopausiarako Terapia Hormonala (MTH): segurua eta egokia da emakume guztientzat?
Adin txikikoak dituen Donostiako familia baten etxegabetzea aldi baterako geldiarazi dute
Gizon bat espetxeratuko dute Iruñean, bikotekide ohiari sexu-erasoa eta mehatxuak egitea egotzita
Dei komertzialak 400 zenbakiaz hasiko dira larunbatetik aurrera
Polizia manifestarien aurka oldartu da eta bost lagun atxilotu dituzte Madrilen, hezkuntza grebaren lehen egunean
Martxoaren 3ko biktimen erreparaziorako bidea ireki du Arabako Fiskaltzak
Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea