Ganduak zerua lausotuko du asteartean eta asteazkenean, eta airearen kalitateak okerrera egingo du
Saharako hautsa hego-mendebaldetik iritsi da, eta datozen egunetan ipar-ekialderantz egingo du pixkanaka. Partikula txikiek osasunean eragin dezakete, arnasteko arazoak eta mukosen narritadura areagotuz.
Gandua Barakaldon (Bizkaia). Argazkia: Alberto Zorrilla Sanchez
Bihar, asteartea, zerua lauso samar eta laranja kolorearekin esnatuko da, ganduaren ondorioz. Saharako hautsa protagonista izango da datozen egunetan.
Saharako hautsa hego-mendebaldetik iritsi da, eta datozen egunetan ipar-ekialderantz egingo du pixkanaka. Horrela, Euskal Herriko zeruetan nabarituko da asteartean eta asteazkenean.
Gainera, partikula txikien kontzentrazioa handitu egingo da, eta, beraz, airearen kalitateak okerrera egingo du, partikula txiki horiek osasunean eragina izan baitezakete, arnasa hartzeko arazoak eta mukosen narritadura areagotuz.
Ganduarekin batera, ez da baztertzen zaparrada trumoitsuak botatzea, lokatz-euria utziko luketenak.