LABek aurrekontu handiagoa eskatu du Nafarroako baso-suhiltzaileentzat
Baso-suhiltzaileen "ahalegin handia" eskertu du sindikatuak, baita uda honetan suak itzaltzen lagundu duten nekazarien, herritarren eta elkarteen babesa ere.
Suhiltzaileak, baso-sute batean lanean. Artxiboko argazkia: EFE
Baso-suhiltzaileentzako aurrekontua "nabarmen" handitzeko eskatu dio igande honetan LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari, plantilla handitzeko eta baso-suteak saihesteko kanpainak luzatzeko, besteak beste. Hala, udazkenean eta neguan prebentzio-lanak egin ahal izateko eta udan sor litezkeen suteak minimizatzen laguntzeko ezinbesteko neurria dela esan du LABek.
Suhiltzaileek egunotan egindako "ahalegin handia" eskertu egin du sindikatuak, baita udako suak itzaltzen lagundu duten nekazarien, herritarren eta elkarteen babesa ere.
LABek gogorarazi duenez, 2022ko suteak izan zirenetik "ia ez da hobekuntzarik izan", eta baso-kanpainak ia iraupen bera du: 115 egun udan, eta bederatzi hilabete baino gutxiago urtean.
"Udako kanpainatik kanpo 42 baso-suhiltzaile bakarrik daude jardunean, eta horiek Nafarroako iparraldeaz arduratzen dira soilik", azpimarratu du LABek. Horrek ia babesik gabe uzten ditu Nafarroa erdialdea eta hegoaldea, prebentzio lan handiagoa egin daitekeen arren.
Plantilla handitzeak hainbat lan egiteko aukera emango luke, hala nola, agindutako erreketak, putzuak eta hidranteak egokitzea, sastrakak garbitzea, suebakiak egitea eta hiriguneetan babes-neurriak hartzea, LABek nabarmendu duenez. Era berean, lan-egonkortasunik ezaren ondorioz, profesional askok lana utzi edo galdu dutela ohartarazi du.
"Suteak aldatu egin dira azken 20 urteetan, baina langileak eta euren egoera ez dira aldatu", salatu du sindikatuak, eta Foru Gobernuari basogintza sektorean zaintza indartzeko taldea martxan jartzeko eskatu dio. Talde hori eratzea adostuta dago, baina oraindik "geldirik" dago.