'Aita Mari'k 13 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan
Erreskatatutako pertsona migratzaileak ontzi prekario batean zeuden, eta noraezean zebilen duela zenbait egunetatik. Italiako agintariek Bariko portua izendatu dute lehorreratze-puntu, eta, aurreikuspenen arabera, larunbatean iristekoak dira.
'Aita Mari', artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Aita Mari ontziak 13 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneo erdialdean, tartean bost adin txikiko, aipaturiko ontzia kudeatzen duen Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak sare sozialetan jakinarazi duenez.
Gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutako informazioaren arabera, pertsona migratzaileak zeramatzan ontzia prekarioa zen eta noraezean zebilen duela zenbait egunetatik. Bidaideak Marokotik eta Tunisiatik zetozen.
Erreskatatutako 13 pertsonetatik bost adin txikikoak ziren, eta horietako bi, bidaiderik gabekoak.
Aita Marik Barin (Italia) porturatzeko baimena jaso du, eta, aurreikuspenen arabera, larunbatean iritsiko da.
Bizitzak salbatzeak ezin duela "inoiz" delitua izan azpimarratu du Itsas Salbamendu Humanitarioak.
16. misioa abiatu zuenetik Aita Marik egiten duen bigarren erreskatea da. Pasa den ostiralean ontziak 40 pertsona migratzaile zeramatzaten bi ontziri lagundu zien Mallorcan, Mediterraneo erdialdera abiatu eta ordu gutxira.