Albiste izango dira: Vuelta Bilbon, Lisboako funikular baten istripua eta Radio Vitoriaren 90. urteurrena
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko irailaren 4an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Vuelta, Bilbon: Israelen aurkako protestek eta Palestinarekiko elkartasun aldarriek Bizkaiko errepideak hartu zituzten atzo, Espainiako Vueltan Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Protesten ondorioz, besteak beste, helmuga 3 kilometro aurreratu zuten antolatzaileek, "segurtasun arrazoiengatik". Gaur, Gernika-Palestina plataforma hedabideen aurrean agertuko da, gertakarien balorazioa egiteko eta protesta berriak iragartzeko. Prentsaurrekoa 11:30ean izango da Donostiako Udalean.
- Istripua Lisboan: Portugalek dolu egun nazionala deitu du ostegun honetarako, atzo Lisboan izandako ezbeharragatik: gutxienez, 15 pertsona hil ziren eta 18 zauritu, funikular batek izandako istripuan.
- Radio Vitoriaren 90. urteurrena: Gasteizko Ama Zuriaren plazak ikuskizun berezi bat hartuko du gaur iluntzean, 21:30ean, Radio Vitoriaren 90. urteurrena ospatzeko. "Batzen gaituen ahotsa" goiburupean, soinua eta irudia uztartuko dituzte, irrati-katearen ibilbidearen errepasoa eginez.