Gizon baten gorpua aurkitu dute Vallecasen, leherketa izan zen eraikineko hondakinen artean
Eraikinaren sotoan zegoen 52 urteko gizon bat da, eta senitartekoek desagerpenaren berri eman ostean aurkitu dute.
52 urteko gizon bat hil da larunbat honetan Vallecasko (Madril) taberna batean izandako leherketaren ondorioz. Gutxienez 25 pertsona zauritu dira, horietako hiru larri, hiriburuko larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.
Madrilgo Udaleko suhiltzaileek soto batean aurkitu dute gorpua, leherketa izan zen eraikineko hondakinen artean, Puente de Vallecas barrutiko Manuel Maroto kalean.
Goizaldean aurkitu dute, Espainiako Poliziaren txakur-unitatearen laguntzarekin, taberna baten ondoan.
Larunbat arratsalde-gauean ohartarazi zuten biktimaren senideek gizona falta zela, eta, horren berri izan baino ez, lanei ekin zieten berriro hondakin artean, haren bila.
Biktima horrez gain, 25 zauritu zenbatu dituzte, eta horietako hiru larri daude. La Paz eta 12 de octubre ospitaleetara eraman dituzte guztiak.
Leherketa gas pilaketa batek eragin omen zuen, eta taberna dagoen eraikinaren gaineko etxebizitzen atarira sartzeko eremuari eragin dio, Madrilgo Udaleko iturrien arabera.