Zibererasoak kaltetutako Europako aireportuetan gorabehera gutxi batzuk izaten ari dira oraindik
Aenak larunbatean ziurtatu zuenez, Espainiako aireportuetan ez da ia arazorik izan, baina Europako beste batzuekin lotzen dituzten hegaldietan atzerapenak izan dira, Collins Aerospace sistemarekin lotutako gorabeheren ondorioz.
Hegaldien atzerapenekin kaltetutako bidaiari batzuk. Argazkia: Europa Press
Europako aireportuek lurreratzeetan edo aireratzeetan izan daitezkeen gorabeheren berri eman diete erabiltzaileei igande honetan, oraindik ez baitituzte arazo logistikoak konpondu. Larunbatean, Collins Aerospace erregistratzeko eta hegazkineratzeko zerbitzuen hornitzailearen aurkako zibererasoak atzerapen ugari eragin zituen.
Bruselako aireportuak aurreikusi duenez, gaurkoa "egun zaila" izango da irteera zein iritsierei dagokienez, eta, horregatik, aireportura joan aurretik hegaldien egoera egiaztatzeko eskatu die bidaiariei.
Alemaniako Willy Brandt Berlin-Brandeburgoko aireportuan, fakturazio-sistema birtualak erabiltzeko gomendatu dute, postu fisikoetan "ohi baino itxaronaldi luzeagoak" daudelako.
Bestalde, Londresko Heathrow aireportuak esan du "hegaldi gehienek" ohiko moduan jarraitu dutela, gorabeherak gorabehera, baina bidaiariei eskatu die egiaztapenak egiteko eta aireportura puntako orduetan ez iristeko, kolapsoak saiheste aldera.
Aenak larunbatean ziurtatu zuenez, Espainiako aireportuetan ez da inolako arazorik izan. Alabaina, Europako beste toki batzuekin lotzen dituzten hegaldiek atzerapenak izan dituzte, Collins Aerospace sistemarekin lotutako gorabeheren ondorioz.
Oraindik inork ez du bere gain hartu zibereraso horren ardura.