PPk Bernedoko udalekuak ikertzeko batzordea egitea eskatu dio Legebiltzarrari
Erakundeek eta alderdi politikoek salaketen aurrean izandako jokabidea kritikatu du De Andresek.
Javier de Andres EAEko PPren presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
PPren ustez, EAEko erakundeek "modu lotsagarrian onartu" dute Bernedoko (Araba) udalekuan gertatutakoa. PPk salatu du "exhibizionismoa eta adingabeen aurkako sexu-erasoak" izan zirela, eta adierazi du Eusko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat ireki beharko litzatekeela.
Javier de Andres EAEko PPren presidenteak prentsaurrekoa eman du, eta salatu du euskal erakundeek "nagikeriaz" jokatu dutela gaiari aurre egitean, eta iragarri du hainbat ekimen abiaraziko dituela arduradun politikoei azalpenak eskatzeko, Bernedoko udalekuetan egon ziren adingabeen hainbat familiak aurkeztutako salaketei erantzuteko.
Udalekuetan parte hartu zuten adingabe batzuen familien arabera, begiraleak biluzik dutxatzen ziren 13 eta 15 urte bitarteko neska-mutilekin, eta dutxak partekatzera behartzen zituzten. Oraingoz, hamabi dira salaketak.
Salaketa horien aurrean euskal erakundeek eta alderdi politikoen jokabidea kritikatu du De Andresek.
Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari aurpegiratu dio 2024an izan zuela udalekuko egoeraren berri, eta horregatik erabaki zuela aurten ez bidaltzea bertara tutoretzapeko adingabeak, gainerako erakundeei ezer jakinarazi gabe.
Halaber, Ertzaintzaren jarrera kritikatu du; izan ere, urtarrilaren 22an jaso zuen kasuari buruzko lehen salaketa, eta 2024. urtearen amaieratik zuen informazioa, baina "ez zuen ezer egin, eta apirilaren 30ean epaitegira txosten bat bidali zuen, Fiskaltzari eta epaileari kasuaren larritasunaren berri eman gabe".
Azkenik, auzia epaitegian geldirik geratu izana ere kritikatu du, irailaren amaierara arte ez baitzuen diligentziarik abiatu.
Bestalde, alderdi politikoen jarrera kritikatu du, "inork ez duelako agerraldirik, daturik eta erantzukizunik eskatu".
PPk eskatu du Gipuzkoako eta Arabako foru diputatuak Batzar Nagusietan ager daitezela, gaiari buruz azaldu beharrekoak azal ditzaten, eta, gainera, lehendakariari interpelazioa egingo dio ostiralean Legebiltzarrean.
Era berean, uste du Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat ireki beharko lukeela udalekuan gertatutakoa argitzeko, baina batzordea sortzeko 2 talde edo 15 legebiltzarkide behar dira, eta PPk zazpi ditu.