Benjamin borraskak hainbat intzidentzia eta gorabehera eragin ditu, gehienak errepideetan
Kamioi batek artaziarena egin du N-1ean, Villabona parean, eta errepidea itxi behar izan dute Donostiara bidean. 09:00ak aurretik ezbeharra izan duen Ibilgailua erretiratu dute. Halaber, haize-ufada zakarren ondorioz, zuhaitz bat bidera erori da Meñakan, eta BI-631 errepidea guztiz itxi dute, Bermeora bidean.
Benjamin borraskak 146 km/h-ko haize-ufadak eta zaparrada mardulak utzi ditu Euskal Herrian, eta eragozpenak eragin ditu, gehienak errepideetan.
Denboralea dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du Bizkaian eta Gipuzkoan 14:00ak arte, haizeagatik. Gainera, nabigaziorako alerta laranja indarrean dago kostaldean, 08:00etatik 14:00etara, 5 metrotik gorako olatuak espero direlako. Aurretik eta ondoren abisu horia aktibatuko da. Horrez gain, Aemetek abisu horia aktibatu du Nafarroa iparraldean eta Erriberan haizeagatik, eta Meteofrancek, berriz, alerta laranja haizeagatik eta olatuengatik Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetan.
Euskalmetek zabaldutako datuen arabera, 167 km/h-ko boladak neurtu dira Matxitxakon (Bizkaia) eta 120 km/h-koak Santa Clara uhartean (Donostia). Dena den, arratsaldean haizeak baretzera egingo duela dio iragarpenak.
Esan bezala, haizeak batez ere errepideetan eragin ditu eragozpenak. N-1 errepidean kamioi batek artaziarena egin du goizeko lehen orduan Villabona parean, Donostiara bidean, eta errepidea guztiz itxi behar izan dute.
Ibilgailu astuna gurutzatuta gelditu da Donostiara bidean, bi erreiak hartuta.
08:45 aldera ezbeharra izan duen kamioia erretiratu eta bidea berriro zabaldu dute. Hiru orduren ondoren, eguerdian, zirkulazioa normaltasunera itzuli da. Auto ilarak 17 kilometrorainokoak izan dira.
Ezbeharra 06:10ean gertatu da, eta ez da inor zauritu.
Ez da hori gaur goizean N-1ean gertatu den istripu bakarra izan. N-1 errepideak eta A-15ak bat egiten duten tokian, Andoainen, bi ibilgailuk txapa-istripua izan dute eta auto-ilarak sortu dira puntu horretan.
AP-68 errepidean bizpahiru istripu gertatu dira, Zuia (Araba) parean, eta ilarak sortu dira Bilbora eta Gasteizera bidean.
N-622 errepidean, Foronda parean, hiru kilometroko auto ilarak sortu dira Gasteizera bidean egiten ari diren herri-lanek eraginda.
Halaber, pertsona bat zauritu da BI-636 errepidean, Gueñesen (Bizkaia) gidatzen ari zen ibilgailua bidetik atera eta iraulita.
Gorabeherak aireportuetan
Haize denboralearen ondorioz, Bartzelonatik irten diren bi hegaldik ezin izan dute Bilboko aireportuak lur hartu eta Kataluniako hiriburura itzuli behar izan dute.
Donostiako aireportuan, berriz, Madrildik Donostiako aireportura iristekoa zen hegaldi bat Bilbora desbideratu dute.
Edukiontziak iraulita Bermeon. Argazkia: Europa Press
Zuhaitzak eta adarrak errepidean
Benjamin borraskak eragindako haize-ufada bortitzen ondorioz, zuhaitz bat bidera erori da Meñakan, eta BI-631 errepidea (Sollubeko mendatetik barrena Mungia eta Bermeo lotzen dituena) guztiz itxi behar izan dute, Bermeora bidean.
Zuhaitza bidetik kendu eta errepidea zabaldu ostean, zirkulazioa normaltasunera itzuli da.
Bizkaiko Foru Aldundiko larrialdi zerbitzuek 12 esku hartze egin dituzte eguerdira arte. Irteera gehienak zuhaitzak kentzeko edo bide publikoan "traba" egiten zuten elementuak erretiratzeko izan dira, Ager Izagirre Bizkaiko Herri Administrazio eta Nazioarteko Harremanetarako diputatuak azaldu duenez.
Donostiako suhiltzaileek 30 irteera inguru egin dituzte haize denboralea dela eta, udal iturriek jakinarazi dutenez. Gehienak zuhaitzak erretiratzeko edo eraikinetatik eroritako elementuak kentzeko izan da.
Haize-ufada horiek direla eta, Segurtasun Sailak arretaz gidatzea gomendatzen du.
Benjamin borraskak bost metrotik gorako olatuak eragin ditu euskal kostaldean
Parkeak eta pasealekuak itxita, Donostian
Haizea eta denboralea tarteko, Donostiako Udalak hiriko hainbat parke eta pasealeku itxi ditu.
Hortaz, ostegun honetan itxita egongo dira: Pasealeku berria, Haizearen Orrazirako sarbidea, Zurriolako espigoia eta Miramar, Cristina Enea, Urgull eta Aieteko parkeak (Kultur etxeko sarbidea izan ezik).
Tren-zerbitzua, etenda
Ipar Euskal Herria ere gogor astindu dute haize-ufadek. Zokoan, esaterako, 126 km/h-ko ufadak erregistratu dira goizeko lehen orduan. Lapurdiko hainbat herritan neurriak hartu dituzte, eta hondartzetarako sarrerak itxita egongo dira egun osoan. Biarritzen, esaterako, arez betetako 200 bat zaku ipini dituzte hondartzako pasealekuan.
Trenbide-sareari ere eragin dio denboraleak: zerbitzua etenda dago Hendaia eta Bordele artean, eta Hendaia eta Donibane Garazi artean.
Zure interesekoa izan daiteke
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute Parisen hildako gazte tolosarrarentzat
"Justizia Dalianentzat" lelopean, Parisen hil zuten Tolosako bizilagunaren senide eta lagunek elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean. Martxoaren hasieran aurkitu zuten haren gorpua, Frantziako hiriburuko etxebizitza batean.
Bi gizon inputatu dituzte Artxandako hilketagatik, eta beste hiru krimen hura ezkutatzeagatik
2023ko abuztuan, gizonezko baten gorpua aurkitu zuten, zatituta eta erreta, maleta baten barruan, Artxandan dagoen abandonatutako eraikin batean.
Goiz korapilatsua Txorierriko errepideetan, Asua parean bederatzi autoren artean izandako talka baten ondorioz
Istripuaren ondorioz, bideko lau erreietatik hiru itxi behar izan dituzte puntako orduan, eta auto-ilara luzeak sortu dira inguruan: Artatzan, Arrontegin, Barakaldon eta Gurutzetan. Behin ibilgailuak bidetik kenduta, egoera bere onera itzultzen joan da. Arazoak izan dira, halaber, A8an, Kantabriarako noranzkoan, San Mames parean istripu bat izan baita. Gipuzkoarako noranzkoan, gainera, trafikoa astuna izan da.
Osakidetzako proba diagnostikoen irudiak ikusgai, Osasun Karpetaren bidez
Iaz, 592.888 herritarrek erabili zuten Osasun Karpeta eta 8,2 milioi sarbide izan zituen. Interesa dutenek irudietara sartzeko eskaera online egiteko aukera izango dute.
Eusko Jaurlaritzak 271 milioiko inbertsioa egingo du hezkuntza sistemaren eraldaketa digitala bultzatzeko
ADIMEN DIGITALA estrategiak software librean oinarritutako hezkuntza-plataforma propioa ahalbidetuko du, irakasleen prestakuntza digitala indartuko du eta euskarazko hezkuntza-edukiak sustatuko ditu.
Bilbok TAOa ezarri du Zorrotzaurreko hegoaldean, 150 aparkaleku-plaza araututa
Bizitegi-eremu horretan, egoiliarrek denbora-mugarik gabe aparkatu ahal izango dute, eta datozen urteetan 550 plaza inguru izatea aurreikusten du Udalak.
Luiziek zirkulazioa korapilatu dute N-634 eta NA-1300 errepideetan
Azken orduotako euriteek lur-jausiak eragin dituzte errepide sareko hainbat puntutan. Aipatu bi errepideak irekita daude dagoeneko, zirkulazioa txandaka bideratuta.
Gizon bat atxilotu dute Pedreñan bikotekidea hiltzea egotzita
Atxilotuak ez zuen horren salaketarik jarrita, baina aurrekariak zituen beste emakume batzuek salatutako indarkeria kasuengatik.
'Aita Mari' ontziak 32 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan, bi egun noraezean zeramatzatela
Mediterraneo erdialdeko uretan topatu dute ontzia, migratzailez gainezka, "oso baldintza eskasetan". Bi egun zeramatzaten itsasoan noraezean. Erreskatatutako pertsonen artean bederatzi adingabe eta haurdun dagoen emakume bat daude.
21 urteko neska batek hankak apurtu ditu Tuteran, igogailu batean harrapatuta geratu baita
Istripua bart gertatu da, Albares kaleko eraikin bateko igogailuan. Dirudienez, emakume batek zeraman aulkitxo baten uhala igogailuaren atean trabatu da, eta hankak harrapatu dizkio. Suhiltzaileek askatu ostean, anbulantziaz eraman behar izan dute ospitalera.