Lanean ari zen ertzain batek positibo eman du droga proban, Ertzaintzaren autoarekin beste ibilgailu baten aurka talka egin ostean
Autoaren barruan, hanka igeltsatsuta zuen gizon bat (gidaria), haur bat eta emakume bat zeuden. Lehenengo biak Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman dituzte, zaurituta. Ertzaintzak kautelazko neurriak hartu ditu, eta agente horrek bulegoan egingo du lan kontranalisiaren emaitza jaso eta gertatutakoa argitu arte.
Ertzaintzaren ibilgailu batek istripua izan du bart Bilbon, gelditzeko aginduari jaramonik egin ez dion ibilgailu baten aurka talka eginda. Ondoren egindako alkohol eta droga proban, gidatzen ari zen ertzainak drogan positibo eman du.
Ezbeharra pasa den goizaldean gertatu da, Etxebarriko industrialdean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, industrialdetik irteten ari zen ibilgailu susmagarri batek ez die jaramonik egin ertzainek ibilgailua geldiarazteko emandako argibideei.
Ertzainak ikusteran, ibilgailuak ihes egin du harik eta errepidetik irten eta Ertzaintzaren autoaren kontra talka egin duen arte.
Autoaren barruan, hankan igeltsua zeraman gizon bat (gidaria), emakume bat eta adingabe bat zeuden. Gidaria eta adingabea zauritu dira, eta Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara eraman behar izan dituzte.
Bilboko Udaltzaingoak hartu du bere gain istripuaren inguruko ikerketa.
Istripuaren ondoren, eta ohiko protokoloari jarraituz, ibilgailua gidatzen ari zen agenteari alkohol eta droga proba egin diote, eta positibo eman du drogak atzemateko testean. Agenteak kontranalisia eskatu du, eta emaitza iritsi bitartean aipaturiko ertzainak bulegoko lanak egingo ditu.