Noiz piztuko dituzte Gabonetako argiak Hego Euskal Herriko hiriburuetan?
Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteiz apaingarriz josita daude jada, eta hiriburu batzuek Gabonetarako egitaraua iragarri dute dagoeneko.
Gabonak hasteko hilabete baino gehiago falta den arren, Hego Euskal Herriko hiriburuak urte amaierarako prestatzen ari dira. Gabonetako dekorazioa jarri dute Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen, eta hiriburu batzuek Gabonetako egitaraua iragarri dute dagoeneko. Baina, noiz piztuko dituzte argiak Hego Euskal Herrian?
BILBO
Bilboko Udalak ez du oraindik ofizialki iragarri noiz piztuko dituzten argiak, nahiz eta ahoz aho dabilen hilaren amaieran izango dela. Berritasun gisa, aurten 24:00ak arte egongo dira piztuta argiak, eta azaroaren 21ean irekiko dituzte izotz-pista eta txirrista.
IRUÑEA
Ohi dutenez, azaroaren 29an piztuko dituzte argiak Iruñean, San Saturnino egunean.
Aurten, aurretik erabili ez diren motiboak, arkuak eta dekorazioa jarriko dituzte. Sorkuntza libreko espazioak berritu dituzte plazan eta udaletxean, Gaztelu plazan eta Karlos III.aren etorbidean, eta hainbat kaletan.
DONOSTIA
Donostian, azaroaren 28an piztuko dira argiak, 500 dronerekin egingo duten ikuskizun batekin. Oraingo honetan, ordea, ez da, iaz bezala, hiru eguneko ikuskizuna izango. Alegia, ikuskizun bakarra antolatuko dute, baina "kalitate handiagokoa".
Ekitaldia 19:30ean hasiko da.
GASTEIZ
Donostia bezala, hilaren 28an argiztatuko dute Gasteiz, Gabonetako 800 motibo nonahi direla. Guztira 270 arku argitsu, 148 irudi eta 325 zuhaitz piztuko dituzte.