Sari banaketa Andoainen
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Jenofa Berhokoirigoinek eta On.eus atariak jaso dituzte Rikardo Arregi sari nagusiak

Merezimenduzko saria Jakoba Errekondok eraman du, Bizi Baratzea lanagatik.

On.eus atariko kideak, saria jasotzen.

Euskarazko kazetaritzaren eta komunikazioaren arloko lanik onenak aitortzen dituzten Rikardo Arregi sariak banatu dituzte asteazken honetan, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Kazetaritza saria Jenofa Berhokoirigoin Argiako kazetariak jaso du, eta Komunikazio saria, berriz, On.eus atariak. Gainera, ohorezko mugarria Jakoba Errekondorentzat izan da, Bizi Baratzea proiektua aitortzeko.

Kazetaritza arloko sari nagusia Jenofa Berhokoirigoin Argiako kazetariak irabazi du, Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik. Kazetariak esker onez jaso du aitortza, euskaratik eta euskaraz bestelako kazetaritza bat egiteko ahaleginak saritu dituelako. Era berean, laborariei eskaini die saria, “laborantza herrikoiaren hautua egiten duten horiei guztiei; beste alde batera begiratzen badute ere, gizarteak beharrezko zaituzte, eta guk segituko dugu zuenaren berri ematen, behin eta berriro diogun bezala, ez garelako neutralak”. Gainera, ixtear dauden Uriola agerkaria eta Prest aldizkaria izan ditu gogoan, ekonomikoki itolarrian daudela iragarri baitute gaur.  

Komunikazio saria, berriz, On.eus atariak eskuratu du. Webgune horrek Ipar Euskal Herrian euskaraz bizitzeko tresnak ematen ditu, eta irailean ireki zuten zeregin horretan laguntzeko. Aitortza jaso duten kideek adierazi dute saria jasotzea eskertzekoa dela, euskal eta euskalgintza mundua “nahiko prekarizatuta” dagoelako. “Egia da ez dela beti erraza komunitatean lan egitea, eta guretzat eskertzekoa da egiten dugun lana aitortua izatea hemen”, gaineratu dutenez, “agerian dagoelako euskara ez dagoela egoera onean”.

Bestalde, Jakoba Errekondok jaso du ohorezko golardoa, Bizi Baratzea lanagatik. Horrek esker oneko berbak bota ditu, eta baratzea bizi dela eta biziko dela aldarrikatu du: “Gaurko mundua irauli nahi dugu, maitasunaren uzta jasotzeko”.

Kazetaritza sariaren beste finalistak izan dira Goiena, "Datuetatik tiraka" saioagatik; Baleuko ekoiztetxea, "Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea" saioagatik; eta Nagore Arin, Berrian Boiseko Jaialdiari buruz egindako dokumental eta kronikagatik.

Komunikazio sarietakoak, berriz, hauek: Elhuyar," Zurrunbiloa" proiektuagatik; Ulu Media, ULUA hedabide digitalagatik; eta GUKA, 'Erdalduntze makina' kanpainagatik;

Zure interesekoa izan daiteke

Jaietan Pentsio Duinak argazkia
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bizkaiko pentsiodunek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, Aste Nagusi bete-betean, beste behin ere pentsio duinak aldarrikatzeko

Aste Nagusiko giroan deitu dute manifestazioa, pankarta nagusiaren leloak dion bezala, "Jaietan ere, pentsionistak kalean" daudela gogorarazteko. Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du mugimenduak, euren herri-ekimen legegilea aldez aurretik atzera bota izana salatuz. Pentsio minimoa gutxieneko soldatarekin berdintzea eta osasun zein zaintza-sistema publiko, unibertsal eta doakoak bermatzeko deia egin dute.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X