Adin txikiko txirrindulari bat hil da Berrizen, Bizkaibuseko autobus batek harrapatuta
Beste txirrindulari bat, adin tarte berekoa, berriz, Gurutzetako erietxera eraman dute zaurituta, hura ere autobusak harrapatuta. N-634 errepidean izan da ezbeharra, 20:45 inguruan.
Txirrindulari bat hil eta beste bat zauritu da ostegun honetan, N-634 errepidean, Berriz parean, autobus batek harrapatuta.
Ezbeharra 20:45 aldera gertatu da, N-634 errepidetik zihoan autobus batek 16 eta 17 urteko bi txirrindulari harrapatu dituenean. Horietako bat ia momentuan hil da, jasotako zauri larrien ondorioz, eta bertaratutako medikuak haren heriotza egiaztatu besterik ezin izan du. Beste gaztea Gurutzetako ospitalera eraman dute.
Ertzaintzak dagokion ikerketa abiatu du, istripuaren nondik norakoak argitzeko.